Jaurlaritza salatuko du Hala Bedik, kazetari bati 'mozal legea' ezartzea leporatuta

Segurtasun Sailak alegazioak baztertu eta isuna berretsi duela adierazi du irratiak. Lege horren arabera zigortutako lehen euskal kazetaria da

Iragan maiatzean Errekaleorren egindako polizia operazioa. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Hala Bedi Gasteizko irrati libreak jakinarazi du auzitara eramango duela Eusko Jaurlaritza. Irratiko kazetari Mikel Saenz de Buruaga mozal legea baliatuz zigortzeagatik salatuko du Jaurlaritza, eta ohartarazi du «amaiera arte» arituko dela kasu honetan. 2017ko maiatzaren 18an Gasteizko Errekaleor auzoan egindako polizia operazio bat grabatzeagatik jarri diote isuna kazetariari.

Hala Bediren ustez, informazio eskubideari eginiko «erasoa» da zigorra. Irratiko kideek adierazi dute Ertzaintzaren «txosten faltsu» bat erabili dutela Saenz de Buruaga zigortzeko, eta, horregatik, administrazioarekiko auzi errekurtsoa ezarriko dutela Jaurlaritzaren aurka. Azaldu dute ia urtebeteko prozesu administratibo «kafkarra» bizi izan dutela kazetariak isunaren jakinarazpena jaso zuenetik.

Hala Bediko ordezkarien arabera, defentsarako eskubidea urratu egin zaio kazetariari: «Aurkeztutako froga guztiak ukatu dizkiote, eta baita ikus-entzunezko fitxategiak eta polizien bertsioa auzitan jartzen duten lekukoen adierazpenak ere».

Polizia operazioa igaro eta bi hilabetera igorri zion Jaurlaritzak602 euroko isunaren jakinarazpena, Herritarren Segurtasunerako Legea urratu zuela argudiatuta. Espedientearen arabera,«autoritatearekiko desobedientzia edo erresistentzia baliatuta» poliziak ezarritako hesia gainditu zuen kazetariak. Akusazioa une oro ukatu dute Hala Bedik eta kazetariak, eta adierazi dute zigorra «mendekua» dela.

Kazetari elkarteek, babesa

Hala Bediko kideari ezarritako zigorra salatu dute Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak. Bi elkarteek deitoratu egin dute mozal legea mantendu izana, eta adierazi dute komunikabideen lanaren aurka doala legea, informazio eskubidea «urratzen» duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.