Hezitzaile bat espetxeratu dute, Miarritzen bi haur autistari eraso dielakoan

Hezitzailearen lankide batek salatu ditu erasoak, eta 50 urteko gizona kartzelan da epaiketa egin arte. Hemezortzi urte zeramatzan han lanean

Haur bat, eskolara sartzen. Artxiboko irudia. LUCA PIERGIOVANNI / EFE.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Bi adingabe autistari sexu erasoak egiteaz akusatuta, hezitzaile bat atxilotu zuten larunbatean. Miarritzeko (Lapurdi) Plan Cousut medikuntza eta heziketa institutuko hezitzailea da. Informazioa baieztatu du Baionako Marc Mariee prokuradoreak: «Jakiterat eman zaizkigun gertakariak dira. Inkesta bat bidean da». Inkestatik hurbil den pertsona batek BERRIAri azaldu dionez, lankide batek eman zuen abisua; haren arabera, adingabe emakumeetako bat felazio bat egitera behartu zuen hezitzaileak. 50 urte inguru ditu gizonak. Prokuradorearen aitzinetik pasatu ostean, epaiketa bitarte kartzelatzea erabaki du.

«Sexu erasoak eta bortxaketak egin izanaz akusaturik ireki dugu inkesta», azaldu du prokuradoreordeak. «Bi gertakari argitu behar ditugu, eta aztertu beharko dugu beste biktimarik izan ote den, hemezortzi urtez aritu baita instituzioan lanean». Marieek dioenez, bi adingabeen autismoak akusazioaren kalifikazioan eragingo du, pertsona «biziki erasotzen errazak» direlako.

Inkesta nola eraman

Nahiz eta prokuradoreak kontrakoa erran, autistekin komunikatzeko tresna egokiak badirela azaldu dio BERRIAri inkestatik hurbil den lekukoak. Prokuradoreak zehaztu du, ordea, antzeko kasuetan maiz haurraren hitza izaten dela helduaren kontakizunaren aurka. Lankide ohiaren testigantza giltzarria izango da, bi kasu horietan gertatu dena argitzeko, baina baita beste kasurik egon ote den argitzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.