Poliziak uste du Leire Rodriguez bizirik zegoela autoz harrapatu zutenean

Kasuan aritu diren udaltzainek eta ertzainek epaiketan deklaratu dute. Hildakoaren arrasto biologikoak atzeman dituzte akusatuaren autoan

Epaiketaren hirugarren eguna izan zen atzokoa. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Senar ohiak autoz harrapatu zuen unean Leire Rodriguez bizirik egotea «litekeena» delauste dute kasua ikertzen aritu diren ertzainek eta udaltzainek. Bizkaiko Lurralde Auzitegian egiten ari diren epaiketak hirugarren eguna izan zuen atzo, eta akusatuaren azalpenak kolokan jarri zituzten epailearen aurretik igaro ziren hogeitik gora poliziek.

Senar ohiaren arabera, etxean izandako istripu baten ondorioz hil zen Rodriguez, sukaldean eztabaidan ari zirela emandako bultzada batean hartutako kolpeak eraginda. Akusatuaren esanetan, kalera eraman zuen ondoren Rodriguez, eta autoarekin harrapatu zuen orduan, etxean gertatutakoa «inork ez zuelako sinetsiko». 2015eko abuztuan aurkitu zuten Rodriguezen gorpua, errepide bazter batean.

Kasua ikertzen aritu diren ertzainek, baina, deklaratu dute emakumearen etxebizitza miatzera joandakoan odolari erreaktibo zaion osagai bat erabili zutela frogak biltzeko, eta komunean, pasilloan eta sarrerako atean aurkitu zituztela odol arrastoak, baina ez sukaldean.

Udaltzainek, berriz, esan dute «hildakoaren arrasto biologikoak» aurkitu dituztela akusatuaren autoaren azpialdean eta maletategian. Halaber, udaltzainek zehaztu dute harrapaketaren lekura joan zirenetik susmatu zutela ez zela «harrapaketa normal bat». Horren adibidetzat jarri dute gorpuak «han utzi izanaren zantzuak» izatea. Horrez gain, azaldu dute akusatua autoko gurpilak aldatzen saiatu zela harrapaketaren ondoren, «frogak ezabatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.