Arantzazuk eta Bakiok bat eginda, UEMA «inoiz baino sendoago» dago

Udalerri euskaldunen eguna ospatu dute Diman, festa giroan. Guztira, 87 udalerrik osatzen dute mankomunitatea; 250.000 lagun biltzen ditu
UEMAn sartu diren herrietako ordezkariak, atzoko ekitaldian
UEMAn sartu diren herrietako ordezkariak, atzoko ekitaldian JUANAN RUIZ / FOKU

Jon Ander De la Hoz -

2018ko maiatzak 27
Atzodanik, beste bi udalerri ditu UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Elkarteak batzar nagusia egin zuen Diman (Bizkaia), eta bertan onartu zuten Bakio (Bizkaia) eta Arantzazuko (Bizkaia) udalek mankomunitatera sartzeko egindako eskaria. Aurrerantzean, 87 izango dira mankomunitatea osatzen duten udalerriak, eta 250.000 lagun inguru bilduko ditu. UEMA «inoiz baino sendoago» dagoela esan zuen Josu Labaka mankomunitateko lehendakariak, batzarraren ostean egindako ekitaldi instituzionalean.

Halaber, euskararen lurgunea zabaltzeko eta sendotzeko beharra dagoela azpimarratu du Labakak, eta adierazi du horretan sakontzeko «beharrezkoa» dela udalerri euskaldunen babesa: «Udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa eta soziokulturala ezinbestekoak dira udalerri hauei bizirik eusteko, eta udalerri hauek euskaldun izaten segitzeko». Udalerri horien garapenari buruzko hausnarketa jardunaldiak iragarri ditu UEMAko lehendakariak datozen hilabeteetarako. Euskalgintzako eta erakunde publikoetako zenbait ordezkari ekitaldian izan ziren.

Batzarraz eta agerraldi instituzionalaz gain, bestelako ekitaldiak ere egin zituzten udalerri euskaldunen egunean. Euskararen erabilera aztertzeko mintegia izan zen horietako bat; han, parte hartzaileek aztertu zuten zer alde dagoen gazteen hizkuntza ezagutzaren eta erabileraren artean. Mintegiak ez ezik, bertso bazkari batek, herri kirolen jaialdi batek eta zenbait kontzertuk osatu zuten egitaraua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna