Topaleku bat konspiratzeko

Iraultza Txikien Akanpada egitasmoa abiatu dute Zubietan (Gipuzkoa). Espazio «antipatriarkala, antikapitalista, komunitarioa, borrokalaria eta alaia» sortu nahi izan dute antolatzaileek.

Atzo arratsaldean abiatu zuten Iraultza Txikien Akanpada; irudian, jendea biribilean jarrita zelai batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Dena aldatu nahi dute. Agian ez deblauki, ez egun batetik bestera. Pauso txikian. Baina aldatu. Sistema kapitalista eta patriarkala zalantzan jarri, sistema hori berori osatzen duten eguneroko elementuetatik abiatuta: etxebizitza, lana, energia, jabetza pribatua, elikadura, finantzak, kultura, aisialdia... Burujabetzan oinarritutako alternatibak bilatzeko xedez, atzo abiatu zuten Zubietan Iraultza Txikien Akanpada, «bestelako Euskal Herri bat amesten duten herritarrentzako eta herri mugimenduentzako» hiru eguneko egitasmoa. Atzoko saioaren ostean, hainbat hitzaldi, mahai inguru, kontzertu eta proposamen eskainiko dituzte gaur, egun osoz, eta bihar goizean ere.

«Herri mugimenduetan, sindikatuetan edota bestelako elkarteetan sartuta dabilen jendea elkartu nahi izan dugu. Euskal Herriko saltseroak bildu gara hemen», azaldu du kanpaldia antolatu duen Lurralde Askea mugimenduko kide Irantzu Jauregik: «Hiru egunez elkarrekin hausnartu, eztabaidatu eta konspiratu nahi dugu, konplizitateak eraiki, eta aurrera begira zer egin daitekeen planteatu».

Eztabaida mahaiaren gainean, «sobera erosoak ez diren gaiak» jarri nahi izan dituzte, Jauregiren esanetan, «eztabaida sustatzeko eta geure buruen kontraesanak bilatzeko». Atzo, esate baterako, zenbait alorretako gizarte eragileak bildu zituzten, Lurrikaren erdian, gu berri bat? izenburuko mahai inguruan. «Mundua etengabe ari da aldatzen, eta horrek eskatzen digu hainbat eredu birpentsatzea. Horretaz gogoeta egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko, Emakumeen Mundu Martxako, Amankomunak elkarteko eta Donostiako harrera sareko hainbat ordezkarik», azaldu du antolatzaileak.

Gaur, hainbat saio eginen dituzte goizez eta arratsaldez. 10:00etan, esate baterako, Herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremanak, ezinak eta eginak mahai inguruan parte hartuko dute EH Bilduko Larraitz Ugartek, Orain Bai taldeko Laura Perezek, Medeak elkarteko Josebe Iturriotzek eta Iruñeko Maravillas gaztetxeko ordezkari batek. Ordu berean, Eraso matxistak gure espazioetan saioa eginen dute, bi talde ez-mistotan. Arratsaldez, berriz, Kataluniako independentzia prozesuari buruz eztabaidatuko dute CUPeko Iñigo Robredok, Zergatik Ez kolektiboko Unai Apaolazak eta Sortuko Pello Otxandianok.

Gogoetaz gain, ordea, aisialdirako aukera ere izanen dute Zubietara bildutakoek, kontzertuak, poesia emanaldiak eta haurrentzako jokoak eskainiko baitituzte gaur eta bihar.

Kanpalekua Zubietan jarri izana, bestalde, ez da kasualitatea. «Tokian tokiko borroka txikiei buruz ari ginela, burura etorri zitzaigun lehen tokia Zubieta izan zen», gogoratu du Jauregik. Antolatzaileek aipamen berezia egin nahi diote erraustegiaren aurkako aldarrikapenari: bihar, 16:00etan, aitortza eginen diete «instituzioetan egonda erraustegia gelditzeko lan egin zutenei»; eta, horren ostean, Gipuzkoa Zutik plataformak antolatuta, ibilaldi bat eginen dute erraustegiraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.