Mikeleteak bueltan dira

Gipuzkoako Foru Aldundia mikeleteen polizia taldea berreskuratzekotan da beste behin ere. Gobernantza eta Gizarte Komunikazio Sailean arituko dira, Ertzaintzaren sostengu gisa.
Kubako independentzia gerran ibili ziren zenbait mikelete Habanan (Kuba), 1888. urte inguruan.
Kubako independentzia gerran ibili ziren zenbait mikelete Habanan (Kuba), 1888. urte inguruan. BERRIA / BERRIA

Ugaitz Agirre -

2015eko abuztuak 13
Gipuzkoako Foru Aldundiak mikeleteak berreskuratzeko lehen pausoa eman du. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizarte Komunikazio diputatua datozen egunetan elkartuko da Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordearekin, aldundiak zabaldu duen komunikatuaren arabera. Bilera horretan, 2012an ezabatu ziren mikeleteak berreskuratzeaz jardungo dute.

Mikeleteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren polizia taldea ziren, eta landa eremua zaintzen zuten. Halere, jada 1839an, Lehen Gerra Karlistaren amaituta, mikeleteen aurreko indar poliziala zena eratu zuen orduko aldundiak: Babes eta segurtasun publikoaren zaindaria izena zuen. Bi urtera desegin zen, nahiz eta zenbait adituk esaten duten 1844an desagertu zela.

Segurtasunaren arloan sortutako gabeziagatik, 1844an, mikeleteen polizia taldea eratu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduz. Hasieran ehun pertsonak osatzen zuten, eta «segurtasuna eta bakea» bermatzea ziren haien funtzioak. Halere, bai pertsona kopurua, bai euren funtzioa hamaika bider aldatu ziren. Adibidez, sortu eta bi urtera, 1846an, errege aginduz mikeleteak desegin zituzten, eta Guardia Zibilean sartzera gonbidatu zituzten bertako kideak. 1848ko errege agindu baten bidez, mikeleteak berrantolatzea eskatzen zuen.

Bigarren Gerra Karlistan mikeletez eta boluntarioz osatutako armada eratu zuten aldundiaren zerbitzura. Gerra amaituta, berriz ere berrantolatu zen, eta bide zaintzara eta aduanen kontrolera mugatu zen haien egitekoa, batez ere estraperloaren eraginez. Bestalde, zerga biltzaile moduan ere aritu ziren. 1936ko gerran Errepublikaren alde borrokatzeagatik, bando nazionalak indar forala desegin zuen.

Janzkera ere aldatu izan zaie. Halere, Luis Ezkurdiaren deskribapena gogoratzen dute gehienek: txapela gorria; kapa urdin iluna, barrutik kolore gorrikoa; belaunetarainoko pontxo urdin iluna; gerriko beltza, eta galtza gorriak. Arma moduan fusil bat eta matxete bat izaten zuten. Ofizialek sablea eramaten zuten arma zuri moduan.

Zenbait baldintza zeuden mikelete izateko. 1848an lau kondizio zeuden: gipuzkoarrak izan behar zuten; 18 eta 25 urte bitartekoak; ezkongabeak —ezkontzen ziren mikeleteak taldetik botatzen zituzten—; eta 1,50 metro baino gehiagoko altuera izan behar zuten, gorpuzkera sendoa izateaz gainera. 1882ko berrantolaketan baldintza gehiago jarri zituzten: besteak beste, bizarra ongi moztuta izatera behartzen zituzten; debekatua zuten tabernetan ibiltzea; idazten eta irakurtzen jakin behar zuten; 20-30 urte bitartekoak izan behar zuten, eta jarrera ona zuten mikeleteak ez zituzten taldetik botatzen ezkontzen zirenean... Baldintzen zerrenda luzeagoa zen.

Mikeleteen itzulera

1978an Ertzaintza sortu zen, eta probintzietan polizia erakunde «historikoak» berreskuratu ziren: Gipuzkoan mikeleteak, Araban miñoiak eta Bizkaian guardia forala. 2012an Gipuzkoako Aldundiak kendu zituen: hiru pertsonak osatzen zuten taldea, eta aldundiaren egoitza zaintzea beste egitekorik ez zuten. Orain, Gobernantza eta Gizarte Komunikazio Departamentuan jardungo dute, genero indarkeriaren administrazio lanetan kasurako. Halere, bileran zehaztuko dituzte euren funtzioak eta zenbat izango diren. Argitu dute Ertzaintzaren parte izanik ez diola inolako gasturik sortuko mikeleteen itzulerak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna