Gizon bat atxilotu dute, sanferminetan adingabe bat bortxatzeagatik

Ane Eslava.
Iruñea
2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
18 urteko mutil bat atxilotu dute Iruñean, iazko sanferminetan neska adingabe bat bortxatzeaz akusatua. Adingabeen Fiskaltzaren esku geratu da auzia, erasoa jazo zenean atxilotua ere adingabea baitzen. Biktimak sanferminetako azken egunean jarri zuen salaketa. Adierazi zuenez, erasotzailea gau horretan ezagutu zuen; mutilak etxera laguntzea proposatu zion, eta, bidean, bortxatu egin zuen. Erasoa gertatu zenean, emakumeak 15 urte zituen. Auzitegi medikuak baieztatu zuen haren lesioak bat zetozela salaketarekin.

Biktimak berak erasotzailea kalean ikusi eta ezagutu ostean atxilotu dute mutila. Larrialdi zerbitzura deitu zuen emakumeak, eta udaltzainek mutila atxilotu zuten. Eraso bera egotzita Iruñeko beste gizon bat atzeman zuten irailean, baina aske utzi zuten, frogarik ez zutelako.

Bestalde, bi urteko espetxe zigorra eta 1.440 euroko isuna ezarri diote Zarauzko (Gipuzkoa) gizon bati, haren bi anaiari sexu abusuak egiteagatik. Biktimak adingabeak dira. Urruntze agindua ere ezarri diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.