Albistea entzun

Euskalduntzea, gurutze bidetik bidegurutzera

Glotodidaktikako VI. Topaketak antolatu dituzte HABEk eta Udako Euskal Unibertsitateak. Helduen euskalduntzea hizpide, euskaltegietako kideek solasaldia egin dute Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Irudian, euskaltegietako lau ordezkariak eta moderatzailea.
Irudian, euskaltegietako lau ordezkariak eta moderatzailea. L. JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2018ko azaroak 10 - Bilbo

Helduak euskalduntzeko lanean dabiltzan eragileen selfie-a egiteko eskatu du Arkaitz Zarraga UEUko irakasleak. Aho batez, aldamenetik: «Euskaltegiek bakarrik ezin dute». Euskara eraberritu eta transmititu nahi bada, euskaltegien lanaz harago doan plan «integral» bat garatu behar dela uste du Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaileak. «Guri bakarrik ez dagokigu helduen euskalduntzea. Jendarte osoari begirako plangintza bat behar dugu: lan mundua, administrazioa, aisialdia... Herri honen euskalduntzea ez da bakarrik eskoletatik etorriko».

Josemi Regero IKAko kidea, Isabel Izarzelaia Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiko zuzendaria eta Jesus Mari Asurabarrena Udal Euskaltegietako burua izan zituen Mujikak ondoan atzo, Glotodidaktikako VI. Topaketetan. Euskalduntze alfabetatzea: eraginkorrak gara? Norantz goaz? solasaldia egin zuten, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, Zarragak gidatuta. Asurabarrenak egituran nabari du hutsunea: «Herritarren aurrean itxura ahula ematen duen sektorea da euskaltegiena, zatikatua. Ez daukagu dena artikulatuko duen zerbait».

Barne egituraz gain, euskararen biziberritzeari dagokionez erabilera eta ezagutza egon ohi dira eztabaidaren erdigunean. Izarzelaiak beste elementu bat gehitu du: «Bagabiltza erabileraz, bagabiltza ezagutzaz, baina gu oso kezkatuta gaude motibaziorekin. Iruditzen zait motibazioan badugula zer landu». Gaztelania eta frantsesa parez pare izanda, Izarzelaiak hutsunea nabari du euskara ikasteko bultzadan: «Ikasleek ez dute ez eskolan, ez unibertsitatean, ez beste inon ikasi Harkaitz Cano, BERRIA egunkaria edo Loreak filma existitzen direla».

Ikasleen motibazio iturriak beste gatazka batera bideratu ditu mahaikideak: ziurtagirien auzira. Bestela esanda, zertarako eta nola ikasten dute helduek euskara? Zer rol dute euskaltegiek? Metodologiaren muinean, ebaluazioa; horren inguruan galdetu die Zarragak. Asurabarrenak, lehen erantzuna: «Eskuak lotuta dauzkagu. Praktika didaktiko batzuk finantzatzen ditu HABEk». Regerok ebaluatzeko bi modu bereizi ditu: barrukoa eta kanpokoa. Bat datoz solaskideak barne ebaluazioaren erabileran; ikaslearen garapena hobetzeko tresna bat dela deritzote. Gogor jo dute, ordea, kanpo ebaluazioaren kontra. «Ikasleek, diru laguntzak lortzeko, maila gainditu behar dute», esan du Izarzelaiak. «Ebaluazioan tresna dena helburu bihurtu dugu», gehitu du Mujikak.

Azterketaren balioa

Maila batetik bestera igaro ahal izateko, azterketa gainditu behar du ikasleak, eta horren arabera lortuko du finantzaketa. Orain arte titulua lortzeko motibazioa EGArekin zutela uste du IKAko ordezkariak. Hori aldatzen ari da: «EGArekin izan dugun arazoa beste mailetara hedatzeko arriskua dago». Horrenbestez, kanpo proba zorrotzak «kalterako» direla uste du Reguerok. Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak lehen lerrotik entzun du kritika.

Dagoeneko emanak daude gakoak: ezagutza, erabilera eta motibazioa. Konponbideak irudikatzea zail du Mujikak; ez, baina, ikasgeletako egoera salatzea: «Erabileraren aroan denak zaku berean sartzea hanka sartze bat da. Meritu handia dute irakasleek soilik hori kudeatzeko egin behar duten lanagatik». Adibide bat, B2 mailako gelan: mahaian eserita, erretiroa hartuta ilobarekin euskaraz aritzeko euskaltegira doan 67 urteko andrazkoa; alboan, oposizioak gainditzeko hizkuntza eskakizuna lortu behar duen 47 urteko gizona; lerro bat atzerago, 22 urteko gaztea, unibertsitate gradua lortzeko EGA ziurtagiria behar duena; eta, ondoan, Euskal Herrira bizitzera etorri den argentinarra. Denak ikasgela berean. Hor motibazio talka. Hor ere, kudeatzeko zailtasunak.

Barrura begira daude lau hizlariak, argazkia osatu guran. Ikasgelako irudian, ikasleak ez ezik, irakasleak ere ageri dira. Euskaltegietako langileen gabeziak mahai gainera atera dituzte. Batik bat, lan baldintzak seinalatu dituzte arazo gisa. Ordezkarientzat, «prestigioa» da konponbidea. Mujika: «Prestigiatu egin behar da lanbidea eta euskara ikastea». Soldata apalak eta material eta baliabide falta salatu dituzte denek ala denek. Muinean dago hezkuntza sistemaren partetzat hartuak izateko aldarria. «Egun, euskaltegiko irakasle batek hezkuntza arautuan irabaziko lukeenaren %60 inguru kobratzen du. Bada garaia onartzeko gu hezkuntzaren parte garela», kexu da Reguero. Laburpen esaldia eman du berak ere: «Orain arte, gurutze bidea egin dugu. Orain, bidegurutze bihurtu behar dugu». Egungo analisia eginda, etorkizuna aurrean. Gabezietatik ikasiz, irakastea helburu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren kontrako mobilizazioa, Iruñean, iaz azaroaren 25ean. / ©Jagoba Manteroa, Foku

Gizon batek urruntze agindua hautsi eta labanaz eraso die emazte ohiari eta hiru seme-alabei Eguesibarren

Jon Ordoñez Garmendia

Alaba nagusia buruan zauritu du labanarekin. Emakumeak eta beste bi seme-alabek ihes egin ahal izan dute. Gizonak bigarren solairutik behera bota du bere burua. Mugimendu feministak asteazkenean biltzera deitu du, erasoa gaitzesteko.

Milaka herritarrek parte hartu zuten protestan, atzo, Baionan. ©Patxi Beltzaiz

Bigarren etxebizitzen kontrako manifestua aurkeztu dute Baionan

Ekhi Erremundegi Beloki

3.500 pertsonatik gora elkartu dira Herrian Bizi plataformaren mobilizazioan. Abisatu dute heldu den urtetik aitzina ez dute bigarren etxebizitza berririk onartuko

Iruñeko Buztintxuri auzoa, artxiboko argazkian. / ©Aritz Loiola, FOKU

Gizon bat atxilotu dute Iruñean, emakume bat bortxatzea egotzita

Jon Ordoñez Garmendia

Erasoa duela bi aste gertatu zen, Buztintxuri eta Sanduzelai auzoen artean trenbidea zeharkatzeko lur azpian dagoen pasabide batean.

Gabi Arestegi, Herrian Bizi plataformako kidea. ©BERRIA

«Etxe batzuen erabilpenak ez dira gehiago onargarriak»

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Herrian Bizi plataforman sartua da hastetik Gabi Arestegi. Indar harremana atxiki nahi dute gaiarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.