Ibarrak onartu du «justiziak porrot egin» duela Bilboko hilketan

Andrearen senarra Basauriko kartzelara bidali dute, deklarazioa hartu ostean. Protestak egin dituzte Donostian, Gasteizen eta Iruñean
Dozenaka lagun bildu ziren atzo Iruñean.
Dozenaka lagun bildu ziren atzo Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko irailak 28
Maguette Mbeugouren hilketak agerian utzi ditu justizia sistemaren gabeziak. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarrak berak aitortu zuen atzo Bilbon labankadaz hildako emakumearen kasua «justiziaren porrot erabatekoa» izan dela. Izan ere, sistemak ezarritako betekizun guztiak konplitu zituen Mbeugouk: senarraren aurkako salaketa aurkeztua zuen Bilboko Udaltzaingoan, babes eskaera tramitatua zuen epaitegian, eta, etxetik ihes eginda, udalak halako kasuetarako propio atondutako etxebizitza batean hartu zuen aterpe, bi alabekin batera. Auziaz arduratu zen epaileak, ordea, atzera bota zuen emakumearen babes eskaera. Urtarrilaren 21ean, gainera, Mbeugouren senarra absolbitu egin zuten, «indarkeria matxistaren froga nahikorik ez zegoelako». Kautelazko neurririk hartu gabe utzi zuten aske. Asteartean hil zuen. 25 urte zituen Mbeugouk; aurten indarkeria matxistak Euskal Herrian hildako zazpigarren emakumea da.

Auzitegi nagusiko presidenteak, baina, ez du uste erantzukizuna «epaile bakar batena» denik, sistemarena baizik: «Auzi honetan ezin dugu epaileen porrota ikusi, justiziaren hutsa izan baita bere osoan». Hartara, baliabide gehiago eskatu ditu, indarkeria matxistako kasuei behar bezalako arreta jarri ahal izateko: «Auziko epaileak ez zeukan arriskuari buruzko peritu txostenik, eta balorazio integraleko unitatearen laguntzarik ere ez zuen izan. Badakigu epaileok hartutako neurriek bizitza salbatu dietela emakume askori, baina askoz gehiago salbatuko lirateke Maguetteren auzian izan ez genituen baliabideak eskura izanen bagenitu».

Horregatik, «gogoeta egiteko» deia egin die erakunde guztiei. «Konpromisoa hartu behar dugu indarkeria matxista salatzen duten emakumeei eskaintzen diegun zaintza hobetzeko», gaineratu du Ibarrak: «Epailearen gainean jarri ohi dugu arreta, baina, larrialdi egoera batean erabaki bat hartu ahal izateko, beharrezkoak dira adituen informazioa eta balorazioa; eta, Maguetteren kasuan ikusi dugunez, askotan ez dago txosten horiek lortzerik». Hortaz, «administrazio publikoen arteko koordinazioa hobetzeko» deia egin du, «zaintza lan eraginkorragoa bermatu ahal izateko».

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atzo eraman zuten epailearen aurrera deklaratzera Mbeugouren senarra, emaztea labankadaz hiltzea leporatuta. Deklarazioa hartu ostean, Basauriko (Bizkaia) espetxera bidali zuen epaileak.

Autopsiak baieztatu du astelehen goizaldean hil zutela Mbeugou, eta, gorpua topatu zutenerako, 28 eta 36 ordu artean zeramatzala hilotz. Ertzaintzaren arabera, 2 eta 4 urteko alabak amaren gorpuarekin utzi zituen aitak.

Elkarretaratze jendetsuak

Mbeugouren hilketa salatzeko elkarretaratzeekin jarraitu zuten atzo. Alde batetik, minutu bateko isilunea egin zuten Eusko Legebiltzarrean eta Bilboko udalbatzan. Parlamentuan, gainera, adierazpen instituzional bat irakurri zuen Bakartxo Tejeria presidenteak: krimena «sutsuki» gaitzetsi zuen. Mugimendu feministak, bestalde, elkarretaratzeak antolatu zituen Donostian, Gasteizen eta Iruñean, baita hainbat herritan ere. Jendetza batu zen protestetara, eta nabaria izan zen Afrikako emakumeen presentzia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna