Hiru fasetan abiatuko dute Eibarko ospitalea

31 milioi euroren kostua izan du, eta urtero 7,3 milioiren aurrekontua izango du. Datorren astelehenean jarriko da martxan anbulatorioa

Urkullu, atzo, ospitalearen inaugurazio ekitaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
«Urrats bat aurrera egin du gure herriak osasun zerbitzu publiko, unibertsal eta kalitate onekoaren aldeko apustuan». Hitz horiekin inauguratu zuen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak kronikoentzako Eibarko ospitalea (Gipuzkoa). Hiru fasetan jarriko dute martxan. Datorren astelehenean abiatuko dira orain arte herriko beste gune batzuetan eman dituzten zerbitzuak: oinarrizko laguntza eta buru osasunekoa —Torrekuako anbulatoriotik lekualdatua—, EAG etengabeko arretagunea —Toribio Etxeberria osasun etxetik—, X izpiak eta erradiodiagnostikorako azterketa, errehabilitazioa —ospitalizazio gabea— eta kanpo kontsultak —zortzi espezialitaterekin—.

Bigarren eta hirugarren faseetan hasiko dira ospitalizazioarekin; egunik ez du zehaztu Jaurlaritzak, baina abendurako aurreikusten dute. 72 ohe izango ditu erietxeak, 24 oheko hiru unitatetan banatuta, eta banaka jarriko dituzte martxan; dena den, hirugarren unitatea osasun larrialdietan soilik irekiko da, hau da, epidemiak, istripu handiak edo premia bereziak daudenean.

Debabarrenekoei ez ezik, inguruko herri batzuetako bizilagunei ere emango die zerbitzu ospitale berriak: 75.000 pertsonari. Dena den, aurrerantzean ere Mendaroko erietxea izango da erreferentziazko ospitalea. 200 langile baino gehiago izango ditu Eibarko ospitaleak; horietako 97 egiturazko postu berriak izango dira.

Urkulluk jakinarazi duenez, 31 milioi euro inbertitu ditu Jaurlaritzak azpiegituran: 27 milioi, obretan, eta lau, ekipamenduetan; urtero 7,3 milioiren aurrekontua izango du. Lehendakariak gogoratu du hiru urtean Osakidetzak martxan jarritako bigarren ospitalea dela —Urdulizkoa (Bizkaia) abiatu zuen 2016an—: «Jaurlaritzak, azken bi urteetan, 131 milioi euroren inbertsioa egin du osasun azpiegituretan eta puntako ekipamenduetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.