Bizkaiko zahar etxeetako langileek greban jarraituko dute abuztu bukaera arte

Ez dituzte onartu patronalek egindako proposamenak, eta dagoeneko 225 egun dihardute greban. Unai Rementeriaren jarrera kritikatu dute

Grebalarien elkarretaratze bat Bilbon, maiatzean. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
Donostia
2017ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Gutxienez abuztu bukaera arte jarraituko dute greban Bizkaiko zahar etxeetako langileek, atzo ELA sindikatuko ordezkariek jakinarazi zutenez. 225 greba egun egin dituzte dagoeneko, eta egoera berean daudela adierazi dute. Uztailaren 31n ziren lanuzteak amaitzekoak, baina, patronalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera ikusita, luzatzea erabaki dute. Azaleratu dutenez, «patronalak zerbitzu minimoak erabiltzen ari dira arazoa konpontzeko», eta ez dute haiekin bilerarik egiteko aukerarik izan otsailaz geroztik. Gainera, Unai Rementeria ahaldun nagusia kritikatu dute bereziki: «Hipokrita hutsa da. Arazoa konpontzen saiatu beharrean, arazoa ezkutatzen ahalegintzen da; ezer gertatuko ez balitz bezala». Izan ere, orain gutxi txosten bat aurkeztu du, eta bertan esan du «Bizkaia leku ezin hobea» dela zahartzeko; langileek uste dute «lotsagarria» dela halako adierazpenak egitea, euren egoera «larria» kontuan hartuta.

ELAko ordezkari Yolanda Monterok azpimarratu du enpresei «diru publikoarekin» ordaintzen zaiela, «denon poltsikotik», eta aldundiaren asmoak bestelakoak direla: «Zerbitzu publikoa pribatu bilakatu nahi du: horrela, gutxi batzuek langileen lan baldintza txarrekin etekin handiagoak irabazteko».

Urteak daramatzate Bizkaiko zahar etxeetako langileek berenlan baldintzen alde borrokan. Soldata igotzeko eskatzen dute 1.200 euro ingurura, astean 35 orduz lan egiteko, eta asteburuetako lanorduetan gehigarriak kobratzeko. Azaldu dute langile gehiagoren beharra dagoela zahar etxeetako erabiltzaileak behar bezala zaintzeko eta behar duten denbora eskaintzeko.

Bestalde, Esther Saavedra ELAko kideak adierazi du Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidarekin «lehenbailehen» egingo dutela bilera, egoera behar bezala aztertzeko. Haatik, azaldu du aspalditik dabiltzala Emakunderekin harremanetan jarri nahian, baina ez dutela espero zuten erantzuna jaso. «Lehentasun izugarria du bilera horrek».

Gesca zahar etxeetako patronaletako batek ohar bidez azaldu duenez, langileek mahai gainean izan dute «Bizkaian itun sektorial baterako inoiz eginiko proposamenik onena»: soldatak %3 igotzean datza. Langileek, ordea, salatu dute patronalek «erabat blokeatua» dutela negoziazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.