'Euskal Y'-aren lotunearen bigarren zatia esleitu dute, 182 milioi euroan

30 hilabete izango dituzte lanak egiteko. Zati bakarra dago adjudikatzeko, 2,8 kilometrokoa

AHTaren lanak geldi, Elorrio inguruan, 2016an. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Y-aren Bergarako korapiloa askatuz doa Adif, Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako AHT lineak elkartzen diren lotuneko azpiegituraren bigarren zatia egiteko lanak adjudikatu ditu. Lotuneak hiru zati ditu, eta, beraz, obra horiek eman ondoren, hiru zatietatik bi bideratuta daude; Arrasate-Bergara zatian dauden bi burdinbideak esleitzea baino ez zaio falta.

Arrasate-Bergara zatiaren (Gipuzkoa) lanak adjudikatu zituen atzo Adifek. 5,24 kilometro luze ditu mutur batetik bestera, eta 182,75 milioi euroren aurrekontua izango du. Bide ia guztia (%97,8) lur azpian joango da. Zati bakarra bada ere, bi burdinbide izango ditu: bat mendebaldetik, 5.280 metrokoa; eta bestea ekialdetik, 5.200 metrokoa. Horrek eskarriko du bi tunel egin behar izatea mendi bakoitzean: Karraskainen zulatuko dituzten tunelak 448 eta 543 metro luze izango dira; Udalaitzen egingo dituzten biak, berriz, 4.620 eta 4.646 metrokoak.

Tunel horiek guztiak paraleloan joango dira, eta elkarren artean hamabi galeria izango dituzte, segurtasun neurri gisa. Horrez gain, bi zubi eraikiko dituzte, Karraskainen tunelaren aho batean, Kobatekoarekin lotzeko.

Adifek lan horiek eskaini zituenean, 255,66 milioi euroko aurrekontua zehaztu zuen. Ordea, irabazi duen aldi baterako enpresa taldearen eskaintza 182,75 milioi eurokoa da. Dragados, Tecsa Empresa Constructora eta Construcciones Amenabar enpresek egingo dituzte lanak.

30 hilabeteko lanak

Adifek 30 hilabeteko epea eman dio aldi baterako enpresa elkarteari lan guztiak egiteko. Beraz, 2021eko hasierarako obrak amaituta egon beharko lirateke. Dagoeneko hastear dira uztailaren 9an adjudikatutako Bergarako lotunearen beste zatia egiteko lanak.

Oraindik Bergarako korapiloaren hirugarren zatiaren lanak daude adjudikatzeko. Urte hasieran atera zuen Adifek eskaintza publikoa, atzo ezagutarazitakoa baino hilabete geroago. 2,8 kilometro luze da adjudikatu gabe dagoen zatia, eta hasierako aurrekontu proposamena 89 milioi eurokoa izan zen. Zati hori egiteko 37 hilabeteko epea zehaztu zuen Adifek eskaintzan.

Oroitu behar da hiru zati horien lanak oso atzeratuta daudela. 2014an adjudikatu ziren lehenengoz. Adifek proposatutako oinarrizko aurrekontua nabarmen urritu zuten enpresek, kontratuak lortzeko. Horrek eragindako arazoen ondorioz, Espainiako Sustapen Ministerioak kontratu horiek baliogabetu zituen bi urte geroago, 2016an, eta 2018ko udan ari da berriz adjudikatzen.

«Bultzada berria» AHTari

Euskal Y-a amaitzeko falta diren lanez, tren lasterrak Nafarroarekin eta Espainiarekin izango dituen loturez, eta AHTa Gasteizen sartzeko proiektuaz mintzatu ziren atzo Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako sailburua eta Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministro berria. Bileraren amaieran, pozik agertu zen Tapia. Ministroaren jarrera «hartzailea» izan zela adierazi zuen. «Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proposamenak gauzatzean islatuko delakoan nago, 2023an euskal Y-a martxan jar dadin». Proiektua «lehentasunezkoa» dela adostu zuten biek, eta hori «konpromiso politikoetan eta aurrekontuetan» isla dadila eskatu zion sailburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.