Klasikoa da jadanik

Altuna III.a eta Laso ariko dira lau eta erdiko finalean. Aspekoak beti irabazi dio Baikokoari: hiru aldiz diziplina horretan, eta behin buruz buru

Jokin Altuna eta Unai Laso, San Fermin torneoko lau eta erdiko finalean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Jokin Altunak eta Unai Lasok Lau eta Erdiko Txapelketako finala jokatuko dute hilaren 14an, Bilbon, Miribilla pilotalekuan. Nagusitasunez egin dute biek ala biek finalerako urratsa, finalerdietan aurkariak baino askoz gehiago izanda: Altuna III.ak 22-10 irabazi zion Joseba Ezkurdiari, eta Lasok, 22-8 Peio Etxeberriari.

Horraino doaz antzekotasunak bataren eta bestearen artean. Bestelakoan, alde handia dago. Amezketakoa (Gipuzkoa) seigarrenez jarraian ariko da lau eta erdiko finalean: aurreko bostetatik bi irabazi ditu, Mikel Urrutikoetxearen kontra 2017an, eta Erik Jakaren aurka iaz. Bizkarreta-Gerendiaingoa (Nafarroa), ordea, lehen aldiz iritsi da finalera. Gehienez, finalerdiak jokatu zituen, duela bi urte. Iaz ez zuen jokatu lau eta erdikoa, Baikotik at geratu baitzen.

Hain zuzen ere, 2019ko finalerdi haietan jokatu zuten lehen aldiz elkarren aurka Altuna III.ak eta Lasok, eta Aspekoak nagusitasunez irabazi zuen: 22-10. Ordutik, beste hirutan neurtu dituzte indarrak, eta beti gailendu da amezketarra. Azken lau hilabete eskasean jokatu dituzte hiru lehia horiek; Lasok berriro profesionaletan daraman denbora da. Sanferminetako lau eta erdiko finalean, 22- 20 izan zen emaitza. Estua bezain ikusgarria izan zen partida. Baita ondoren jokatu dituzten beste biak ere: bat, Donostiako ferian, buruz buru; eta bestea, LogroƱoko (Espainia) sanmateoetan, lau eta erdian. 22-17 nagusitu zen bietan Altuna III.a, bietan behetik gora egin ostean: 0-5 Atano III.enean eta 7-14 Adarragan.

Bosgarren ahaleginean lortu nahi du Lasok Altuna III.a mendean hartzea. Amezketarrak, ordea, historia egiten jarraitu nahi du. Hamargarren finala du profesionaletan, inork baino gehiago haren adinarekin: 25 urte. Irabaziz gero, bosgarren txapela luke, eta Ruben Belokirekin eta Juan Martinez de Irujorekin berdinduko luke. Haiek dira adin horrekin txapel gehien irabazi dituztenak.

Baikoko bi 2. Mailakoan

Bigarren Mailan, berriz, Joanes Bakaikoak eta Iraitz Zubizarretak jokatuko dute finala. Hurrenez hurren, 22-20 eta 22-17 irabazi zieten atzo Dario Gomezi eta Javier Zabalari, LogroƱon. Zer gerta ere, Baikorentzat izango da txapela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.