Behetik gora dator

Lasok 8-22 irabazi dio Jakari, lau eta erdikoan, Tolosan, eta finalerdietara sailkatzeko aukerekin jarraitzen du. Jaka txapelketatik at geratu da

JON URBE / @FOKU.
Mikel O. Iribar.
Tolosa
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Nabaria zen asko zegoela jokoan atzoko Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako partidan. Erik Jakaren eta Unai Lasoren aurpegiek dena esaten zuten, baita Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekura bertaratu ziren pilotazaleenek ere. Serio ziren denak, eta erabateko kontzentrazioa zen nagusi. Izan ere, partida horretako irabazleak finalerdietara sartzeko aukerari bizirik eutsiko zion; galtzaileak, ordea, agur esango zion aurtengo lau eta erdikoari.

Bai Laso eta bai Jaka aurreko partidak galduta zetozen: Bizkarreta-Gerendiaingoa Joseba Ezkurdiaren aurka, egurra jasota—22-9—; Lizartzakoa, berriz, Mikel Urrutikoetxearen aurka, 22-18. Baina atzokoa zen erabakigarria, eta Laso goitik behera nagusitu zitzaion Jakari. Nafarroako pilotaria hasieratik egin zen demaren jabe, eta 22. tantora arte hura geldituko zuenik ez zegoen. 8-22 menderatu zuen gipuzkoarra, eta datorren ostiralean, Urrutikoetxearen aurka lehiatuko da, Zallan (Bizkaia). Partida horretako irabazlea finalerdietara sailkatuko da. Joseba Ezkurdia jadanik barruan da, bitik bi irabazita.

Patxadaz eta soseguz

Urduri eta presaka aritzeko zantzurik ez zitzaion atzeman Lasori. Patxadaz eta soseguz, hasi eta buka irabazi zion Jakari. Partidaren hastapenetik erritmoaren lema hartu zuen, eta beti joan zen aurretik: 0-2, 2-6, 12-5, 7-16... Distira handirik egin gabe ere, aurrelari nafarrak tanto ederrak egin zituen, ezker gantxoz, horma-bikoz nahiz dejadaz. 15. tantoa, esaterako, bikaina izan zen; pilotakada sarri baten ostean, Lasok eskuinez zabalean goxo-goxo utzi zuen pilota, frontoian zeuden zaleen txalo zaparrada jasotzeraino. Eroso sentitzen zen kaiolan. Hori gutxi ez, eta Jakak opari galantak egin zizkion; gozakaitz aritu zen, eta askotan, bere onetik aterata. Amaieran, 8-22, Laso garaile.

P. Etxeberria, finalerdietan

A multzoan, berriz, Oinatz Bengoetxearen eta Jokin Altunaren artean erabakiko da zein pilotari sailkatuko den finalerdietara,P. Etxeberriarekin batera.Leitzarrak 22-15 hartu zuen mendean Aitor Elordi, eta Zenozkoak 18-22 irabazi zion Amezketakoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.