Transexualitate egoeran dagoen 4 urteko ume baten izen aldaketa onartu dute

Tolosako Instrukzioko 3. Epaitegiak aintzat hartu du adingabearen familiaren eskaria.2013an Gasteizko epaitegi batek berdin ebatzi zuen

Katalunian suizidatutako gazte transexuala omendu zuten abenduan. J.C.R. / ARP.
Jon Rejado.
2016ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Luciaren izena eta haren sena bat datoz Erregistro Zibilean, 2015eko urriaren 28tik geroztik. Egun hartan, Tolosako Instruzioko 3. Epaitegiak (Gipuzkoa) izen aldaketa aitortu zion adingabe transexualari, haren familiak galdeginda. 4 urte ditu haurrak. Epaileak «bidezko arrazoia» antzeman du gurasoen eskaeraren atzean; «erregistroaren datuak haurraren errealitate sozialera egokitzeko beharra» ikusi du.

Epaileak frogatutzat jo du Luciaren «sexu morfologikoa» ez zetorrela bat bere «genero nortasunarekin». Egoera hori egiaztatu zuten gurasoek, txosten bidez: Luciak «genero disforia» du diagnostikatua. Halaber, neskatoaren klasekide baten lekukotasuna aintzat hartu zuen; eskolan zein herrian denek Lucia deitzen dutela azaldu zuen umeak.

Chrysallis Euskal Herriko adingabe transexualen familien elkarteak eman du albistearen berri. Gipuzkoan ildo horretan ematen den lehen ebazpena dela argitu du, eta 2013an Araban beste bat izan zela oroitarazi du. Dena den, salatu dute ez dagoela irizpide bakarra kasu horien gainean ebazterakoan: «Espainiako Estatuan izena aldatzearen aldeko 30 auto inguru daude, baina erabakia epaile bakoitzaren esku geratzen da». Hots, Luciaren eskaera beste epaile batek hartu izan baluemaitza bestelakoa izan zitekeela azaldu du Chrysallisek.

Hori dela eta, transexualitate egoeran dauden adingabeen egoera aintzat hartu eta araudia aldatzea galdegin du elkarteak. Izena aldatu ez ezik, Erregistro Zibilean ageri den sexua ere aldatzeko aukera izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.