Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala

Faboritorik ez jakintsuentzat

Martinez de Irujo sasoi hobean dagoela uste arren, buruz buruko txapeldun ohiek final estu eta orekatua espero duteTxapeldun beteranoenen ustez, pilota biziek okertu egin dute buruz buruko ikuskizuna

Buruz burukoan txapeldun izandako hainbat pilotari, atzo, Sondikan (Bizkaia), bazkaria hasi aurretik. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Sondika
2013ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Jakiteko onena? Dakienari galdetzea. Eta zeinek daki gehien pilotaz? Bada, txapeldun izandakoek, eta atzo urteroko bazkaria egin zuten Sondikan (Bizkaia). Ezinbestean, biharko finala izan zuten hizpide nagusia mahaiaren bueltan, Miguel Gallastegik (95 urte), Luciano Juaristik (81 urte) eta Jesus Garcia Ariñok (79 urte) duten sasoia goratzearekin batera. Hamar txapeldun ohi elkartu ziren, eta denek bat egin zuten biharkoa final estua izango dela. Gehienek Juan Martinez de Irujo sasoi hobean ikusi dute, baina Aimar Olaizolak azken asteetan goraka egin duela ohartarazi dute.

Bakea piloten inguruko eztabaidak hautsi zuen. Beteranoenen ustez, egun ibiltzen direnak biziegiak dira, eta buruz buruko jokoa itsusten dute, atzelarientzat irabaztea ezinezkoa dela esan arte. Gazteagoek, aldiz, ez dela hainbesterako diote. Fernando Arretxe da pilota bizien defendatzaile sutsuena.

MIGUEL GALLASTEGI Txapeldun 1948an, 1950ean eta 1951n

«Buruz buruko jokoko ikuskizunak okerrera egin duela iruditzen zait»

«Nik final handia izan dadila nahi dut. Pilota hauekin, sakea duenak abantaila handia dauka. Olaizola II.a joko gutxirekin dabil. Irujo, aldiz, indartsu dago. Baina harekin... Hego haizeak jotzen badio, ezin jakin. Bi estilo desberdin dira, eta nire garaiekin alderatuta are gehiago. Hobera edo okerrera... Nire ustez, okerrera egin du, baina zaleek ere iritzi askotarikoak dituzte. Pilota erabat aldatu gure garaietatik, baina egungo estiloko pilotak erabiltzen dituzte, eta, nire ustez, lehen ikuskizuna hobea zen. Mondragonesek bere estiloa zuen, Atano III.ak berea... eta orain beste bat. Onena zein izan den? Niretzat, atzelarien artean, Mondragones, eta aurrelarien artean, Atano VII.a. Gaurkoen artean? Finala jokatuko duten biak».

LUCIANO JUARISTI 'ATANO X.A' Txapeldun 1966an eta 1968an

«Irujok botere handiagoa du, baina Olaizola II.ak beti pizten du ordenagailua»

«Zaila da esatea zeinek irabaziko duen, are gehiago pilota hauekin. Pilota hauekin tanto sorta handiak egiten dira. Pare bat lortzen badituzu irabazi duzu kasik. Urte asko dira pilota biziegiak erabiltzen direla, baina inork ez ditu gauzak bere tokian jarri nahi: sake bat kendu, pasa faltarekin zigortu, pasa seira eraman... Neurria pilota da, haren bizitasuna jaitsi eta ez da halako erabakirik behar. Lehen pronostiko bat ematea zaila zen, eta, orain, are zailagoa. Irujok botere gehiago du, baina denok dugu ordenagailua buruan, eta Olaizola II.ak beti pizten du. Irujori, aldiz, batzuetan ahaztu egin zaio. Botere txikiagoa duenak zerbait egin behar du».

JESUS GARCIA ARIÑO Txapeldun 1957an eta 1963an

«Pilotaren botea ez badute jaisten, aurki erreboteko pareta kendu beharko dute»

«Iazkoa baino final estuagoa izatea espero dut. Irujo eta Olaizola II.a pilotari handiak dira, eta sakearekin gehien asmatzen duenak irabaziko du. Apustu egitera behartuko banindute, Olaizola II.ak konfiantza handiagoa ematen dit, gutxigatik hori bai. 15 urte dira pilotei buruz hitz egiten ari garela, baina ez badute pixka bat jaisten errebotea kendu beharko dugu. Horrelako botea duten pilotekin, eskuz bainoago, palaz jokatu behar da. Pilotariak agindu behar du pilota, eta ez alderantziz. Zuk pilota seigarren koadrora bidali eta botearekin hamargarren koadrora iristen bada, ezinezkoa da. Atxikia kendu zuten bezala kendu behar dute pilota hau, ikuskizunaren onerako. 1953az geroztik jokatu diren final guztiak ikusiko nituen, eta nik oroitzen dudan finalik politena 1962koa da. Azkaratek 22-21 irabazi zidan bi orduz jokatu ondoren».

IÑAKI GOROSTIZA Txapeldun 1977an

«Egun ezinezkoa da atzelari bat txapeldun izatea, trinket jokoa egiten ikasi behar du»

«Final orekatua da, azken partidetan Irujo Olaizola II.a baino freskoago ikusi dudan arren. Halere, finalak beti dira ezberdinak. Pilotei buruz asko hitz egin da, eta, nire ustez, betiko arazoa da. Gehiegizko pilotak dira, biziegiak. Eztabaida ez da aurtengoa, urteak dira hor dagoela, eta azkenean pilotariak egokitu egin dira. Gaur egun, pentsaezina da atzelari bat txapeldun izatea, trinket jokoa ikasi behar du. Pilota jaitsi egin behar da, dena ez dadin aire jokoa izan. Duela 25 urteko pilotak gaur jarriko balituzte, pilotariek denbora beharko lukete egokitzeko. Final politena? Asko, nik bat polita galdu nuen. Galarza eta Retegirenak ere onak izan ziren, eta azken aldian, Xalarena».

LADIS GALARZA 'GALARZA III.A' Txapeldun 1991n eta 1992an

«Biak ondo daude, final irekia da. Olaizola II.ak behetik gora egin du, eta Irujo sasoiko dago»

«Final oso ireki ikusten dut, bi pilotariak ondo daudelako. Ez da erraza emaitza asmatzea. Biak sasoiko ikusten ditut, Olaizola II.ak behetik gora egin du, eta Irujo puntu oso onean dago, horregatik diot parean dagoela. Pilota biziak erabiltzen ari dira, argi dago, baina gaur egungo pilotariak egokitu dira, eta ez dut uste horrek partida baldintzatuko duenik»

FERNANDO ARRETXE Txapeldun 1994an eta 1997an

«Niri gustatzen zaizkit pilotak; gero eta abiadura handiagoan jokatu, ikuskizun handiagoa»

«Final orekatua dela uste dut, baina iaz ere hala uste nuen. Ez dut faborito argirik ikusten. Pilotak ez zazkit txarrak iruditzen, eta gainera biak gustura gelditu ziren aukeraketan. Pilota biziek ez dute ikuskizuna okertzen. Kirol guztiak bizkorrago doaz orain. Pentsaezina da 1 Formulan lehengo 150 kilometro orduko abiadurara ibiltzea edo Irujo eta Olaizola pilota goxuekin aritzea. Abiadura hori, niretzat ikuskizun harrigarria da. Pilota biziak beti egon dira, niri Martinikorenak behin hamabost errebote sartu zizkidan. Niri Irujo gustatzen zait, abiaduraren aldekoa naizelako, baina abiadura horretan hutsik ez egiten jakin behar da, eta Olaizola II.ak ez ditu egiten».

RUBEN BELOKI Txapeldun 1995ean, 1998, 1999 eta 2000an

«Beste bizpahiru urtean goian elkarren aurka ariko direla uste dut; inork ez ditu estutuko»

«Finala oso irekia dago, eta biak koska bat daude beste guztien gainetik. Nik uste dut egun onena duenak irabaziko duela. Olaizola II.a ez dago iazko freskotasunarekin, baina apurka goraka egin du. Irujo, berriz, ezin hobe dago. Jendeak dio Eugiren eta bion arteko lehia bezalakoa dela, baina hauek asko ari dira luzatzen euren agintaldia, eta ez dirudi bizpahiru urtean inork estutuko dituenik. Hain dira onak jendeak ez ditu behar bezala baloratzen. Eta historiako onenetako bi dira. Finalean sakea gakoa izango da, eta bakoitzak berea du: Olaizola II.ak oso loratua, eta Irujok pilota gehiago irteten delako, baxuagoa. Asko hitz egin da pilotei buruz, baina eragin handia du egungo pilotariek duten boterea. Nik oroitzen dudan finalik onena, Xalak Olaizola II.ari irabazi ziona da. Duela bi urte jokatu zen, eta orduko pilotak egungoen ahizpak dira».

OINATZ BENGOETXEA Txapeldun 2008an

«Irujo indartsu ikusten dut; agian, hor egon daiteke gakoa, kolpearekin min egiten baitu»

«Finaletan asmatzea ez da erraza, eta kasu honetan are zailagoa da. Irujo indartsuago ikusten dut; agian, hor egon daiteke gakoa, bere kolpearekin min asko egiten duelako. Baina denok dakigu zenbat jokatzen duen Olaizola II.ak. Onenak direla erakutsi dute, eta ni harro nago euren agintea sufritzeaz. Irujok irabazi nahi badu, asko jo beharko du, Olaizola II.ak eroso jokatzen baldin badu ezinezkoa delako hari irabaztea. Biak gustura gelditu ziren pilotekin, eta hori da garrantzitsuena».

YVES SALABERRI 'XALA' Txapeldun 2011n

«Pilotaleku guztietan erabil daitekeen pilota bat egin arte egongo da eztabaida»

«Final polita da, bi onenak direlako. Olaizola II.ak bizpahiru urte oso on daramatza, eta Irujo oso fresko dago binakako txapelaren ondoren. Baina, tira, egun batean denetarik pasa daiteke, eta bi estiloren arteko borroka da. Piloten inguruko auzia urteroko kontua da, baina bakoitzak nahi zuena lortu du, eta arazorik ez egotea espero dut. Nik aurten partida bat jokatu dut, eta egun hartan pilotak ez ziren biziegiak. Finalerdietan asko hitz egin da pilotei buruz, baina pilotaleku guztietan erabiltzeko modukoa den pilota bat egin arte egongo da eztabaida. Dena den, hori oso zaila izango da, pilotalekuen ezaugarriak ezberdinak direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.