Elikadura. Hazkurri kontuak

Ukatze bidezko elikadura-nahasmendua (UELNA)

2014ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
UELNA… barkatu atrebentzia: ingelesez ARFID (Avoidant/Restrictive Food Intake Disorder) bataiatu dute.

Betiko kontua: amonari esnea gustatzen ez, umeari arrainak nazka ematen, lagunak tipularik ikusi ere ezin, ilobak jateari utzi dio, auzoa jan eta jan ari da beti… Edukazio eskas eta nahikeria zikinak! Gerra ostean bizi izan bazinete, orduan bai ikasiko zenuten platera garbi-garbi lagatzen, maniatiko alaenak…

Kontrakoa badirudi ere, ez dira nahiaz ari, gaixotasunez baizik: nerbio alorretakoak, metabolikoak, psikologikoak… egiazko sufrikarioak, hitz batez, pazienteentzat. Hauetako inortxok ez dizu osasuna —gutxienez— arriskuan jarriko esnobismo edo protagonismo hutsagatik. Inork ez dio uzten jateari goserik ezagatik. Nekez utziko dizu norbaitek plater bazterrean porru, piper, melokotoia edo arraina apetagatik bakarrik. Behin eta birritan. Bada horren azpian zerbait, jatuna baino askoz ere indartsuagoa.

Horrelako paziente baten arazoa, behar bezalako nutrizioa ez izatea da, era guztietako jana, behar adinakoa, eskura eduki arren. Denetik jateko aukera badu ere, janari jakin batzuekiko erdeinu edo arbuio aktiboak behar bezalako nutrizioa (eta, ondorioz, osasuna) izatea galarazten dio. UELNA gaixotasuna nozitzen duenak kontzienteki egiten dio uko elikagai jakin batzuk hartzeari: beldurragatik, nazkagatik, zapore, kolore, usain, uki batzuen aurreko intolerantziagatik eta beste hainbat arrazoirengatik, hortik ez jatea edo gutxi-gutxi jatea da horren elikaduraren zertzelada nagusia.

Anorexia eta bulimia ezagunak ditugu aspaldi, baina ez dute zerikusirik UELNA-rekin: hau nozitzen duenak ez du berehala agertzen; eskuarki, diagnostikoa egiterako urte batzuk eman ditu elikadurako nahasmendu horren ondorio latzak jasanez: desnutrizioa, hazkundea atzeratzea, ikasketa edo lanean etekin eskasak erdiestea, pisua galdu edo hartzea, etab.

Gaitz berria da UELNA hori eta, halakotzat, bera sendatzeko terapia eraginkorrik ez da plazaratu oraino. Nahasmendu hauek ez dira nahi ezaren ondorio, bizitzako zailtasunak konpontzeko unean jasotako porrotenak baizik; beraz, badirudi onuragarria dela pazientearen jokabidean eragitea, elikadura zorrozki zainduta, trenak deskarrila ez dezan. Eta, gizarte likido honetako beste arazo askoren kasuan bezala, diziplina anitzeko konponbidea omen da egokiena: psikologoak eta dietistak elkar harturik jardun behar dute, beste zerbait asmatu bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.