Elikadura. Hazkurri kontuak

Bonboia

2014ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Frantsesetik dator hitz hau ere: bon-bon, on-ona, ederra, zoragarria. Gutizia, berez («dagoenean, bonbon, ez dagoenean, hor konpon!»).

Mokadu bakarrean har daitekeen pusketa txiki (10 gramo inguru) hori inoiz txokolate bakarrekoa edo bat baino gehiagoz osatutako elkarketa da eta, eskuarki, likore, konfitura, krema, praliné, turroi edo beste zeinahi gai dauka barruan. Bonboiaren bilgarria, berriz, fruitu lehorrak (anakardo, hur, pinazi, amanda, Brasilgo intxaur, pistatxoak), txokolate zuri, esnedun, estaldurako edo beltz birrindua, fruta konfitatuak, gosaritako zerealak eta beste hainbat izan daitezke.

Hastapenean txokolate hutsa bazen ere, bonboi motak ugaldu dira autoreen irudimenari esker: baditugu hemen bertan arrozesne kremazkoak, pikillo piperren kremadunak, Izarra likoredunak, sagar erreen moussezkoak, intxaur-saltsazkoak… zerrendak amaierarik ez du izango.

Hauek dira gure artean merkaturatzen diren bonboi estandarretako batzuk:

Egurra: txokolate esneduna zotzetan,

Erroak: txokolatetan bainaturiko fruta atalak,

Fondant edo krema: azukrezko kristalak eta, maiz, bestelako frutak eta aromak dituen ziropez betea,

Ganax: txokolatea eta gurindun krema,

Gianduja: hur orez betea,

Harkaitza: arroka itxurakoa, amanda edo hur pusketez osaturiko pralinea dauka,

Izurdea: kakahuetezko karamelu pusketak ditu,

Koko-enborra: koko zaporedun txokolate zuria,

Kontxa: txokolate beltzez bainaturiko amanda edo pistatxoa,

Krokantea: amanda edo hurrak dauzkan azukre urtu kraskatsua,

Kubanitoa: txokolatetan bainatu eta txokolate hautsez jantziriko kokoa,

Lola: amandazko praline, espirulina eta jujuba-haziz betea, apetitua berdintzeko,

Mazapana: azukre urtua eta amanda pasta,

Nugata: arrautza zuringo harrotua, ezti egosia, fruitu lehorrak eta fruta konfitatua,

Ostra: txokolatetan bainaturiko pralinea,

Paleta: ganaxearen bertsio arindua,

Pralinea: azukrea eta fruitu lehorrak ditu betegarri,

Trikua: txokolate beltzez bainaturiko amanda pusketadun pralinea,

Viena fruta: txokolatetan bainaturiko muxurka,

Toffea: azukrea, glukosa, gurin-karamelua eta esne-gozokia,

Trufa: ganax eta fruitu lehorrak kakao-hautsez bildurik,

Trufa kizkurtua: koñak zaporedun trufaz betea…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.