Elikadura. Hazkurri kontuak

Elikabide globala

2014ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Azalera handietan ikusten dugun aukera amaigabe horrek sarri kontrakoa adierazten badigu ere, elikagaien aniztasuna geroz eta urriagoa da, dieta globalera bidean goaz. Baina, aurrera joate horrek arriskutan ipin dezake gauza asko: lehena, gure osasuna; horrez gainera, elikagaien produkzioa eta, ondorioz, horien segurtasuna. Horrelaxe frogatu dute 2013 urtean Europan eta Ipar Ameriketan eginiko azterlan ugarik. Horietako batzuk irakurrita, ondorea nabarmen azaltzen da: azken mende erdi honetan teknologiak eta publizitateak sekulako aurrerakada egin dute eta, horiek aginduta, lekuan lekuko elikabideak (berariazkoak, definizioz) geroz eta elkarren antzekoago bihurtzen ari dira, osagaien aldetik. Eta hori bera erraz hautemango du herritarrak, jatetxe exotiko horietako batzuetara hurbiltzen bada.

Gizakiok geroz eta elikagai gehiago erosten eta kontsumitzen ditugu, horien balio energetikoa handituz doa (gantz eta azukre ugarikoak dira gehienak) eta, beste aldetik, tradiziozko jan batzuk zokoratuz doaz (berdurak eta). Zereal behinenak artoa, arroza eta garia dira; kontsumo handieneko olioak, soja, palmondo, koltza eta ekilorea, berrogeita hamar urteotan etengabe ugalduz etorri direnak. Horrek, gainerako laboreen (zekale, artatxikia, etab.) eta sustraien (juka, batata…) bazterketa ekarri du. Paisaia absurdu horretan ikusten dugu zekalea lantzen ari den nekazaria gari zurizko hanburgerrak hartzen dituela egunero, kasik. Zekalea, saltzeko baizik ez.

Horrela, mundu zabalean ugarien diren zerealak hedatuz doazen bitartean, txikiak desagertzen ari dira (barietate batzuk betiko galdu dira), aniztasunaren kaltean. Herrialde aberatsak geroz eta ahaltsuago dira, egunetik egunera pobreago direnei elikaduraren oinarrizko zereal horiek nahi duten prezioan salduko dizkietelako. Gizakien nutrizioa eta elikadura-segurtasuna geroz eta oreka ahulagokoak izango dira, hanka bakarrean edo gutxitan sostengatuko direlako.

Nola erreakzionatu gure txiki honetatik? Ez da erraza, baina, ea:

a)Tokian tokiko landareen aniztasun genetikoa bermatzea; tradiziozko arto, gari, berdura, fruta, patatak…ekoitzi eta kontsumitzea.

b)Oinarrizko elikagai horien ezaugarri fisikoak (zapore, usain, ukia) eta nutrizionalak hobetzea.

c)Landare alternatiboen aniztasuna bultzatzea. Adibidez, hegoaldean iparraldekoek nolako berdurak kontsumitzen dituzten ikasi eta kopiatzea, jangaien zerrenda zabaltzea eta hurrengoei denetik jaten irakastea…

Askotatik gutxitara, gutxitatik bakarrera… hurrengo pausoa argi dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.