Elikadura. Hazkurri kontuak

Txokolate beltza, osasun zaindari

2014ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Txokolate beltzaren onurak hamaikatxotan goretsi izan zaizkigu: presio arteriala arintzen, ictus eta bihotzeko gaitzak nozitzeko arriskua gutxitzen, gaixotasun kardio-baskularrak prebenitzen, emakume haurdunen estresa arintzen du eta beste hainbat onura, ikerlan zientifikoek aitortuta. Goxo-goxoa dela inork ez digu ukatuko, gainera (esneduna ere bai, konforme, baina esne horrek bertuteak galarazten ditu). Mesede horien guztien arrazoia atzeman berri dute Louisianako Unibertsitate Estataleko ikerlariek, Kimikaren Elkarte Amerikarraren 247. Bilera egin berrian. Elkarretaratze hau planetako nagusietako bat da, bertara alor denetako milaka zientzialari biltzen dira era guztietako aurkikuntza eta aurrerakuntza zientifikoak aurkeztera.

Arrazoia, genioen modura, digestioan datza: hor, hesteetako floran bizi diren era askotako mikroorganismoek hartzen dute esku (jogurten iragarkietan agertzen diren bifidobacterium ezagunek, besteak beste). Txokolate beltza hartzean, bakterio horiek ugaldu eta beren jarduera biderkatzearen ondorioz, sortarazten dituzten produktuak organismoak absorbitzen ditu eta, horri esker, ehun kardiobaskularraren hantura (inflamazioa) jaisten da. Epe luzera, beraz, ezbehar zerebro-baskularra nozitzeko aukera urrundu egiten da.

Kakaoak, berez, antioxidatzaileak, polifenolak, zuntza eta beste elementu asko dauzka (bostehun molekula desberdin, denera). Antioxidatzaileak eta polifenolak ez ditu ongi metabolizatzen gure organismoak baina, kolonera iritsitakoan, bifidobacterium horiek aktibatzen dira, zuntzak hartzitzen du eta polifenolak molekula txikiago bihurtzen dira: hauek bai, hauek (ehunen hantura jaisten dutenak, hain zuzen) organismoak erraz xurgatuko ditu.

Kakao-zuntzarekin hesteetako floraren hazkuntza eta jarduera laguntzen duten elementuekin konbinaturik, beraz, osasuna hobetzeko esperantza bermatzen da. Guretzat ezin digerituzkoak badira ere, bakterio horiek prozesa ditzaketen prebiotikoak (baratxuri gordinean, gari irin integralean eta bestetan bizi direnak) hartzeak, bakterio mesedegarrien populazioa ugaltzen eta kaltegarriena urritzen du.

Saiakuntza nagusian, jatorri eta prozesatze desberdineko hiru kakao-hauts baliatu zituzten ikerlariek. Ikerkuntza horretako emaitzei helduta, guretzat osasungarriago da txokolate beltza frutekin hartzea, mesedeak biderkatzen direlako. Ez da harritzekoa izango, hortaz, aurki frutategian txokolate beltza topatzea. Diruzalea ez datza lo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.