Elikadura. Hazkurri kontuak

Gantz, koipe, urin, gizenak…

2014ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Gantz-azido baizik ez dira, biologoentzat. Benetako jakia, estimatu beharrekoa, hozkailua ezagun ez zuten euskaldun aspaldikoen aburuz. Deabruak ekarritako pozoi hutsa, egungo hiritar gimnastikoen ikuspegitik.

Karbono, hidrogeno eta oxigenoz osaturiko zelula da gantza, uretan disolbagarria ez dena eta giroko tenperaturan solido agertzen dena (olioa, aldiz, likido dago baldintza horietan), hiztegi jakin baten arabera.

Egun, ospe makurra duten arren, koipeak ezinbestekoak ditu organismoak hein batean, funtsezko eginkizunak betetzen baitituzte, hara:

energia ekoiztea (gramo bat gantz metabolizatzeak 9 kaloria sortarazten ditu);

organismoan metatzean, ehun adiposoa osatzen dute, ugaztunok hotzetik babesteko;

hainbat organoren (bihotza, giltzurrunak, barea) helduleku eta koltxoi dira;

Kulturilla apur bat

Biokimikaren ikuspegitik, gantz-plegu arruntena triglizeridoa da (arrazoia: glizerina molekulari itsatsita daudelako hiru gantz-azido) eta honelakoa izan daitezke:

aseak: salako tenperaturan solido daudenak (gurin, urdaia, gazta, margarina, urina...) eta olioren bat: koko eta palmondokoa, kaltegarri ditu osasunak;

asegabeak: likido ohi daude etxe barruan eta olio esaten diegu euskaraz (oliba, arto, ekilore olioak); mesedegarriak dira organismoarentzat, plasmako lipidoetan duten efektu onuragarriengatik eta, gainera, horietako batzuek organismoak ezin fabrika ditzakeen mantenugai funtsezkoez hornitzen gaituztelako. Asegabe hauek izan daitezke:

a) monoasegabeak (oliba olio, ahuakate, fruitu lehorretan), kolesterol kaltegarria odolean mugiarazten dutenak, eta

b) poliasegabeak (palmipedo eta arrain urdinetan, ekilore eta soja olioan), onuragarriak, zein bere erara;

trans motako gantzak: landarezko olioak hidrogenatzearen ondoriozko hauek aseak baino biziki arriskutsuagoak dira. Saltokian, merkeago direnez eta legeriek debekatuta ez daudenez, margarina, opil industrialetan eta horrelakoetan agertzen dira, «landare olioak» edo antzeko epigrafearekin, zein landare den zehaztu gabe.

Beste sailkapen bat

sukaldeko koipeak: ahatearena, antzararena, behi giltzurrunekoa, txerri gantz edo urina.

sukaldeko olioak: ahuakate, intxaur, amanda, arto, ekilore, eukalipto, hur, kakahuete, koltza, koprarena, kui eta mahats haziena, mostaza, makadamia intxaur, oliba, palma, pistatxo, sesamo, sojarena...

sukaldeko margarinak: egospenekoa, olioduna, koltzaduna, sojaduna… ohikoenen artean.

Kontua, beraz, zeini berarena aitortzea, hiztegiak ez nahasita: «hau, goxoa, merkea baina osasunarentzat, pozoia», etc.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.