Elikadura. Hazkurri kontuak

'Almanaka' eta Elikadura Hiztegia

2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Duela hamabi urte autore honek Almanaka izeneko liburu koloretsua kaleratu zuen. Egunkari (egutegi) moduan antolaturik, komiki antzeko obra izan zen, letra gutxi eta «santu» ugariz osatua. Bi dozena alorretatik (Aholkuak, Aperipintxo, Ardoaz, Atsotitzak, Aupa Osasuna!, Espeziala, Gozokiak, Hiztegia astinduz, Iraganean, Jolas eta jokoak, Kalekumeok basoan, Kontserbak, Kulturilla, Labeltessen, Landarezkoak, Mantela eta Mantala, Ogia, Okela eskola, Ospakizunak, RZ bariatuak, Sarberriak, Tradizioak, Trasteria, Uretakoak) ateratako lauzpabost ataltxo diferente eta bizpahiru irudi, argazki edo marrazki (horietako asko, autoreak eginak) agertzen zen egun bakoitzeko orrian.

Fantasiara jo gabe, herritar askotxok liburu haren aipamena egin digutenez, Almanaka sarean eskegitzea erabaki zuen Informatikako irakasle ezagun batek otsailean eta geroztik hura elikatuz etorri gara. Jakin minik baduzue, sartu Ase eta Gose orrian eta hortxe aurkituko duzue eguneko alpiste zibikoa.

Bestetik, milatxo artikulu eta sei liburutan barrena pilaturiko hitz eta kontzeptuak bildurik, orri horretantxe agertzen dira maiz aurki plazaratuko omen den Elikadura Hiztegi-ko sarrerak, osorik edo partzialki, sail honetan egin izan dugun bezala.

Hiztegiak dagoeneko 1.500 orri ditu, lau mila hitz bildurik, eta 200 orriko glosario bat lagungarri du baina herena falta du oraino, osorik burutzeko.

Hiztegian hitza agertzen da aurrenik, sinonimoren bat euskaraz, (bizidunetan) izen zientifikoa, eta espainolez, frantsesez eta ingelesezko baliokideak. Ondoren, etimologia jorratzen da laburzki, kontzeptuaren definizio edota deskribapena, aztergaiaren historia, jatorria, Euskal Herrian (izan) duen presentzia eta eragina, ohiko aplikazioak, sukaldaritza, elikadura eta nutrizioan duen hedapen eta garrantzia, eta, amaitzeko, barazki edo fruta ezaguna baldin bada, nola aukeratu, zein baztertu, nola kontserbatu, etab.

Adar askotxo jorratzen dira Hiztegian: sukaldaritzak eskualdeka (Alsazia, Katalunia, Moldavia), euskal iragana (zizeilua, karreto-barrika) eta oraina, soziologi kontuak (finger food, anomia, desubikazioa), zientzia (nutrigenomika/nutrigenetika, gantz liposolubleak), joerak (Codex Alimentarius, slow food), sukaldaritza (frijitzea, à la lyonesse), fisiologia (dastamen papila, usaimena), zoologia (atunak, txipiroi ez direnak), enologia (ardo gorria eta klaretea, garagardogintza), etab.

Zuen zain,
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.