Elikadura. Hazkurri kontuak

Langosta eta bestea

2014ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Itsasertzean hazi eta hezi denarentzat, buia eta txangurrua, txamarra eta karramarroa bereiztea normala da; basoan bizi izan denarentzat artea eta haritza, zozoaren eta birigarroaren kanta antzematea bezala. Bi krustazeo erraldoiren deskribapenak ekarriko ditugu gaur. Erraldoi ez ezik, prezio bizi-bizikoak direnez, hobe da zer eskatu edo jan dugun seguru jakitea, ezta?

Misera

Edo abakandoa (Homarus grammarus, H. vulgaris); es: bogavante, abacando; fr: homard; Ehun milioi urteko eboluzioan ia aldaketarik ez du egin, hara: bi hagin ederrez (bata, zorrotza, ebakitzeko balio diona; bestea, hortz sendoez hornitua, harrapatutakoa birrintzeko, krustazeoez elikatzen baita, batik bat) jantzirik agertzen den krustazeotzar agresibo ilun hau (haztegikoak haginak estekaturik izaten ditu, kanibal bihur daiteke eta). Europarra kanadarra baino finagoa. Ostera ari da berreskuratzen antzina izan zuen maila, otarrainaren gainetik ere. Hondoko arroka eta hondarretan ibiltzen da, gauez eta bakarrik, 50 urte bete arte, suerte pittin batez. Olagarro, txipiroi eta arrainez elikatzen denez, zapore horiek ditu miseraren jaki gozoak. Egun, haztegikoa ia bakarrik kontsumitzen dugu.

Aukeratu astuna (zeinahi krustazeo), bizirik, laguneko kilo erdia behar dela kalkulatuz. Prestakizun soilak dira egokienak: errea edo egosia; baita gordinik ere, beratua, carpaccio gisa. Izozteak ez dio mesederik egiten.

Otarraina

(< oti + arrain) sin: langosta (Palinurus elephas); es: langosta; fr: langouste. Sakonera ez handiegiko (100 metro, gehienez) arrokazko hondoetan bizi da egosi eta maionesaz apainduta gustatzen zaigun hau, isats indartsua astinduz. Migrazioetan banan-banan doaz, ehun mila otarraineko ilarak ere osatuz. Apetitu asegabeko itsaski gautar honek aurrean jartzen zaion guztia jaten du. Miserak ez bezala, haginak atrofiatuak ditu baina, hala ere, muxila eta muskuiluen kuskuak erraz hausten ditu otarrainak. Jaki trinko, zuri, delikatua, miserarena bezain fina, kasik. Bizirik erosi eta egosi behar, eguzkia berotzen hasitakoan udazkenera arte. Gordinik xerra mehetan, arranparrila edo labean erreta, gurinez erregosia, saltsa armorikarraz, eta pattardun egospenetan ere luzitu delarik, ajoarriero eta marmitako txapelketetan agertu izan da, langile txiroen jaki hauen sozializazioa absurduraino eramanik.

Bagoaz, pixkanaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.