DARWIN ETA GU

Azken eguna Rembrandtekin

Jose Mari Pastor -

2015eko urriak 31
Hiltzear dauden lagunak ez dira mundu honetatik joango azken nahia betetzeko aukera izan gabe. Behintzat, Herbehereetan. Stichting Ambulance Wens elkarteak baliabideak jartzen ditu herritar horien desioak asetzeko. Ideia 2006an bururatu zitzaion Kees Veldboer anbulantzia gidariari. Mario Stefanutto gaixo terminala eramaten ari zen ospitale batetik bestera. Erietxeko gela artean prestatu gabe zegoela esan zioten. Itxaron egin behar. Gidariak apetaren bat ote zuen galdetu zion eriari. Stefanuttok Rotterdameko portura hurbiltzeko eskatu zion. Itsasoa azken aldiz ikusi nahi zuen itsasgizon ohiak.

Veldboerrek BBC hedabide britainiarrari adierazi dionez, Stefanutto «poztasun malkoak» isurtzen hasi zen itsasoa ikusi zuenean. Esperientzia horretatik sortu zen elkartea, handik gutxira. Taldeak 230 boluntarioren laguntza du, eta sei anbulantzia. Diru-emariei esker eskaintzen du zerbitzua. 7.000 azken desio inguru betetzea lortu du jadanik, era guztietakoak. Lagundutako gaixo zaharrenak 101 urte zituen. Emakumea zaldi baten gainean paseatu zuten animaliaren bi aldeetatik babestuta. Eri gazteenak ez zuen bere azken nahia bete, gurasoena baizik. Hamar hilabete zituen eta ume-ospitaletik inoiz irten gabea zen. Aita-amek etxera eraman zuten, sofan bien erdian jartzeko. Lehen eta azken aldiz.

Bizitzaren azken egunetan artearen edertasuna sentitu nahi dute zenbait gaixok. Donald Amsterdameko Rijksmuseumera eraman zuten elkarteko boluntarioek. Azken 30 urtean hara joaten zen sarri, bikotekidearekin. Bi gizonek 30 urte zeramatzaten elkarrekin. Azken bisita egin baino astebete lehenago ezkondu ziren. Rembrandten koadro baten aurrean gelditu zen Donald. Ez zuen ordura arte ikusi. Lana amaitu gabe omen zegoen pintorea hil zenean. «Bizitza bat inoiz ez da amaitzen. Nire bizitza amaitu gabe dago, eta koadro hau ere amaitu gabe dago», esan zuen. Bai, bizitza ez da gurekin amaitzen; segitu egiten du. Hildakoak badoaz, baina une eta egun bereziak daude, haiek gogoratzen ditugunak. Biharko eguna, esaterako.

Miaren azken nahia hiru alabarekin eta senarrarekin paseoan ibiltzea izan zitekeen, Finlandia urrunean. Edo etxetik hurbil zuen Osteria da Filippo jatetxean pizza bat jatea, umeekin batera. Mia minbiziz gaixotu zen, orain hamar urte baino gehiago. Irakasle lanak utzi behar izan zituen sendatzeko. Gero lanari ekin zion berriro. Helsinkin ikusi nuen azkenekoz. Arratsalde-pasa egin genuen, kontu-kontari aspaldiko partez. Eta barre egiten. Gustukoa zuen barre egitea. Linnanmaki jolas-parkeko errusiar mendian igo ginen. «Munduan bakarretakoa izango da egur hutsez eginda dagoena», adierazi zuen.

Geroztik elkarren berririk izaten genuen aldian behin. Alaba txikiaren argazkia bidali zidan gutun batean. Ainik txano bat zeraman buruan. Irribarre egiten zuen amaren ondoan. Azken hilabeteotan Miaren arrastorik ez, eta mezua bidali nion. Barkatzeko, baina minbizia erreproduzitu, eta tratamenduan zegoen berriz. Metastasiak ia gorputz erdia hartu zion. Ezin zuen arnasarik hartu; makina batean entxufatua zegoen etxean. Maiatzaren hasieran Miak ez zien mezuei erantzun. Astebetera azaldu zen, ospitaletik bueltan. «Pentsatzen nuen oraingo honetan hil egingo nintzela», aitortu zuen telefonoz. Umorea ez zuen galdu, baina: «Grabatu egizkidazu gauza barregarriak. Itolarrian paniko erasoak datozela sentitzen dudanean entzungo ditut. Ezin duzu barrerik egin eta izua sentitu aldi berean». Audioak grabatu nizkion Whatsapp bidez. Krisialdiak eramaten laguntzen ziotela esan zidan. «Udan, osatzen naizenean, etor zaitez Finlandiara».

Maiatzaren bukaeran berriro desagertu zen Mia. Astebete pasatxo. Ekainaren 12an, ostiralarekin, telefonoa piztu eta haren zenbakia ikusi nuen mezuen atalean. «Kaixo, Jose. Miak zerurako bidea hartu du aste honetan. Eskerrik asko eskaini diozun adiskidetasunagatik. Adeitasunez. Gerald. Ps: Zeu zara Hernaniko Jose Mari?».