Gasteizko Udalaren bertsioa gezurtatu du Gazte Asanbladak

Udaltzainak gaztetxean «jokabide mehatxatzailearekin» sartu zirela salatu dute, «gehiegizko zarata» zegoela «aitzakia» moduan baliatuta

Gazte Asanbladako kideen prentsaurrekoa, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Gasteizko Gazte Asanbladak Urteberri egunean gaztetxean gertatutakoaren bertsioa ezagutarazi du, eta, bertan, Gasteizko Udalak emandakoa gezurtatu du. Gazte Asanbladako kideek aitortu dute musikaren bolumenaren ondorioz bizilagunei eragozpenak sortu zizkietela, eta elkarbizitza berriz lortzeko lan egiten ari direla. Dena den, hausnartu dute gehiegizko zarata argudio moduan erabili dela udaltzainen «errepresio ekintza justifikatzeko». Azaldu dute beste egun batzuetan ere izan direla arazoak zaratagatik, eta beste modu batzuetara konpondu direla. «Ez dugu ezagutzen zaratagatik halako errepresioa jasan duen beste lokalik, ezta halako zalaparta mediatikoa eragin duenik ere».

Gasteizko Udaleko alkateorde Peio Lopez de Munainek herenegun eman zuen polizia operazioaren berri. Azaldu zuenez, urtarrilaren 1eko 09:00etan udaltzain batzuk gaztetxean sartu ziren, musika itzaltzeko eskatuz. Mezua emanda irteten gazteak haiek barruan atxikitzen saiatu zirela esan zuen alkateordeak. Esan zuen orduan kanpoan zeuden poliziak sartu zirela eta jaian zeudenek «neurri gabe» erantzun zietela.

Gazte Asanbladako kideek gezurtatu egin dute hori. Azaldu dute poliziek arduradunari ez ziotela esan musika itzaltzeko, eta gaineratu dute ateak ez zirela itxi. Aldiz, adierazi dute polizia «aurreabisurik gabe» oldartu zela gaztetxean, «jarrera probokatzailearekin», eta elkarrizketarako «inolako aukerarik» eman gabe: «Ez zen inolako erresistentziarik egon, poliziaren erasoez defendatze hutsaz harago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.