Urte amaierara bitarte, greba egiten ari dira Gipuzkoako zahar etxeetan

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek 2019 «beroa» iragarri dute, negoziatu ezean

Gipuzkoako zahar etxeetako langileen mobilizazioa, irailean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Gipuzkoako zahar etxeetako 5.000 langileen lan baldintzak hobetzeko eskatzen ari dira ELA eta LAB. Bakoitza bere aldetik ari bada ere, sindikatuok greba egin dute egunotan, eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte urtea amaitu bitartean. ELA zazpi eguneko lanuztea egiten ari da: abenduaren 24tik gaur arte, eta 28tik 31ra arte. LABek, berriz, bi eguneko lanuzteak iragarri ditu abendurako: 24an eta 31n. Urtarrilean biltzekoak dira langileen ordezkariak patronalekin, eta orain arteko proposamenak hobetzea galdegin diete.

Abenduaren 24an kalera atera ziren ELA eta LAB, auren aldarrikapenak ezagutaraztera. ELAk elkarretaratzea egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. «Arduragabekeria» leporatu zion Txomin Lasa ELAko sektoreko eledunak aldundiari. «Oso ondo kudeatzen dute propaganda, baina desagertu egiten da sakoneko neurriak hartu behar direnean, feminizatutako sektoreetan soldata arrakala zuzentzea, kasurako».

LABek kartelak jarri zituen Donostiako erdialdean. Ane Sarriegi bozeramaileak argitu du negoziazio mahaiak bi urte daramatzala martxan, eta epe horretan patronalak soldatak bi urtez «izoztea» proposatu duela.

Proposamen «irrigarria»

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak ere kalera atera ziren abenduaren 24an, sindikatu nagusiek antolatutako mobilizazioan. Are, ELAk, LABek, USOk eta UGTk aste osoko greba egingo dute. CCOOk, sektorean ordezkaritza gehien duen sindikatuak, abenduaren 31rako egin du grebarako deia.

Galdutako erosahalmena berreskuratzeko neurriak eskatu dizkiote sindikatuek patronalari, baita lan kargak arintzeko pausoak ere. Izan ere, berretsi dute lan kargak handitu egin direla azken urteetako murrizketen ondorioz. Patronalak egindako eskaintza «irrigarria» dela salatu dute. Hori dela eta, sindikatuek iragarri dute patronalak jarrera berari eutsiz gero 2019 «beroa» izango dela, mobilizazio gehiagorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.