URTE ETA ERDIKO JOANA

2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Urte eta erdi luze joan da Altsasuko ferien goizaldean gertatutako liskarretik. Estutu eta estutu joan da orduan sortutako korapiloa: atxiloketak, kartzelatzeak, manifestazioak eta epaitegietako borrokak.

2016

Urriak 15. Altsasuko ferietako goizaldean, Koxka tabernan gertatutako liskar baten ondorioz, bi gazte atxilotu zituzten, bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egin izana leporatuta.

Urriak 17. Iruñeko 3. instrukzio salako epaile Mari Paz Benitoren aurrean deklaratu zuten gazteek. Aske utzi zituen, baldintzapean.

Urriak 18. Jorge Fernandez Diaz orduko Espainiako Barne ministroak esan zuen erasoa «gorroto delitu» izan zitekeela. Espainiako Kongresuak Guardia Zibilaren aldeko ebazpena onartu zuen.

Urriak 19. Consuelo Ordoñezek, Covite biktimen elkartearen izenean, salaketa jarri zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Urriak 25. Altsasukoa «terrorismo» delitua dela esan zuen Auzitegi Nazionaleko fiskalak, eta han ikertu beharko litzatekeela.

Azaroak 9. Iruñeko instrukzio epailea inhibitu egin zen, eta Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen auzia.

Azaroak 14. Auzitegi Nazionalaren aginduz, zortzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak. Zortzitik sei espetxeratu zituzten.

Azaroak 15. Nafarroako Gobernua atxiloketen kontra azaldu zen. Egun bat geroago, Altsasuko udalbatzak adierazpen instituzional batean eskatu zuen gertaerak Iruñera bideratzeko eta gertatutakoa terrorismotzat ez jotzeko.

Azaroak 26. Milaka lagun Altsasun eginiko manifestazioan. Foru Gobernuak eta udalbatzarrak osorik babestu zuten.

Abenduak 20. Kartzelatutako gazteetatik hiruk espetxean jarraitzea erabaki zuen Lamela epaileak.

2017

Urtarrilak 23. Altsasun Guardia Zibilaren «kontrolak eta galdeketak» ugaritu zirela salatu zuten.

Otsailak 2. Sumarioa itxi zuen Lamela epaileak, auzipetuei terrorismoa egotzita.

Otsailak 15. Auzia Madrilen epaitu behar zela berretsi zuen Iruñeko 3. instrukzioko epaileak.

Martxoak 22. Auzia Iruñean epaitzeko eskatu zuten Espainiako Gorteetako 74 diputatuk eta hamalau senatarik.

Martxoak 24. Nafarroako Lurralde Auzitegiak Iruñeko Instrukzioko 3. Epaitegiari eskatu zion uko egiteko auzia Auzitegi Nazionalaren esku uzteari, eta aurkezteko eskumen auzi bat Gorenean.

Apirilak 5. Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen preso dauden hiru gazteak baldintzapean aske uzteko eskaera.

Ekainak 1. Gorenak erabaki zuen Auzitegi Nazionalaren eskuetan uztea auzia.

Uztailak 5. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 375 urteko espetxe zigorra eskatu zuen auzipetuentzat.

Azaroak 14. Gazteen abokatuek aurkeztutako «ia froga guztiak» atzera bota zituztela jakinarazi zuten. «Babesgabetasun judiziala» salatu zuten.

2018

Martxoak 2. Espejel epailea epaimahaitik baztertzeko defentsak eginiko eskaera atzera bota zuen auzitegiak. Abokatuek ezbaian jarri zuten magistratuaren inpartzialtasuna, Guardia Zibilarekin «loturak» dituela salatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.