Bilboko Aste Nagusia

Bakoitzak bere sekretua du

Aste Nagusiko sukaldaritza txapelketan txipiroien txanda izan da; parte hartzaile gehienek «amaren errezeta» erabili duteTxipiroi onak prestatzeko lehengai onak ezinbesteko direla adierazi dute partaideek

Gastronomia txapelketako unerik gozoena: lehiakideek prestatu dituzten jaki goxoak dastatzea. Egunero arrakasta ziurtaturik dute sukaldaritza txapelketek. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2013ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
«Txipiroi on batzuk prestatzeko lehengai onak behar dira; txarrarekin, ezin da onik egin». Era erraz horretan azaldu zuen atzo Juantxu Larruzea sukaldariak txipiroiak egiteko sekretua, Bilboko Areatzan. Larruzeak epaile lanak egiten ditu Aste Nagusiko sukaldaritza txapelketan, eta atzo ere horretan aritu zen. Jakiak probatzen ohitua dago, beraz, eta, dioenez, sukaldari bakoitzak baditu bere trikimailuak. Txapelketa aste osokoa izaten da; egun bakoitzean jaki ezberdinak izaten dira protagonista, eta, atzo, txipiroien txanda izan zen. Goizean goizetik dozenaka lagun bertaratu ziren Areatzara euren mahaiekin eta bazkaria prestatzeko tresnekin. Parte hartzaile ugari izan ziren: konpartsakideak, txokozaleak, lagun kuadrillak... Bakoitzak estilo ezberdin bat baliatu zuen sukalderako, baina irakasle beraren gomendioak: amarenak.

Kepa Freirek 23 urte daramatza Aste Nagusiko sukaldaritza txapelketako antolakuntza lanetan. Esperientzia zabala du. «Txapelketa askotan ibiltzen naiz: Meñakako sukalki egunean, Mungian, Bermeon, Urdulizen, Karrantzan (Bizkaia) eta Bilbon bertan». Hark ezin du txapelketetan parte hartu, epaile aritzen delako, baina gozatu egiten du halako egunetan. «Jendeak ezagutu egiten nau, baina ez dugu inolako tranparik egiten». Freireren arabera, txapelketak ez dira profesionalentzat. «Hori bai, maila izugarria dago Bizkaian».

Parte hartzaile ugari

Arantza Sanchezek eta Maria Luisa Crespok 1979. urtetik parte hartu izan dute Aste Nagusiko sukaldaritza txapelketan. Kuadrillan aritzen dira, nahiz eta Zaratas konpartsako kideak izan. Lagun taldeko pertsona bakoitzak jaki bat prestatzen du. Sanchezek eta Crespok txipiroiak egiten dituzte, baina euren espezialitatea jatea dela diote. «Sukaldean ere ez gara txarrak», dio Crespok. Saltsari tipula gorria eta zuriaz gain, piper berdea, tomate apur bat, ogia eta olioa botatzen dizkiote.Teknika horrekin, sari bat baino gehiago irabazi izan dute.

Gustavo Villaran Pa... Ya konpartsako kidea da, eta nahiago du saltsa tipularekin soilik egin. Iaz, lehen aldiz parte hartu zuen «errezeta ezezagun» batekin. Hala ere, konpartsen arteko txapelketako laugarren saria lortu zuen. Txori Barroteko Olga Gonzalez eta Lourdes Abaituarentzat, bestalde, lehen urtea izan da aurtengoa. «Hori bai, urteak daramatzagu txipiroiak etxean prestatzen». Haien sekretua lehengai on batzuk dira. «Txipiroiak Elantxobekoak dira, freskoak. Saltsa egiteko, tipula, perrexila eta berakatz apur bat erabiltzen dugu», dio Abaituak.

Txokozaleak ere badaude Bilboko txapelketan. Josu Respaldiza eta Alejandro Olabarria Orozkoko Beti Jai txokoko kideak dira. «Gu sokatiran ibiltzen ginen, baina zahartu egin gara, eta orain sukaldean aritzen gara». Biek ala biek hainbat lehiaketatan parte hartzen dute, eta sariak irabazi ere bai. Dena den, Bilbon ez dute inoiz txapelik lortu. «Bigarren eta hirugarren saria eraman izandugu, baina txapela inoiz ez».Txipiroien saltsarako duten teknika tipula eta piper berde apur bat erabiltzea da.

Bistan denez, sukaldari bakoitzak bere sekretua du, bere teknika. Lehengaiek ere garrantzi handia dute. Garrantzitsuena, ordea, Areatza sukaldariz lepo ikustea da, eta atzo ere argazki bikaina utzi zuen plazak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.