Egonkortasun eske, itxialdia

Lanbide Heziketako irakasle teknikoek itxialdia hasi dute Gasteizko Mendizabala institutuan. Salatu dute ukatu egin dietela teknikari tituluarekin hezkuntzako lan eskaintzetan parte hartzea.

Itxialdiaren berri emateko agerraldia, atzo, Mendizabala institutuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Itxialdia egingo dugu gure egoerari konponbidea jartzen dioten arte». Hitz horiekin iragarri du protesta bat Lanbide Heziketako irakasle tekniko talde batek. Atzo hasi zuten protesta mugagabea. Mendizabala institutuko F eraikinean pasatu dute lehen gaua ikastetxe horretako hamabost kidek. Espero dute egun gutxian partaide gehiago izatea; Gasteizko beste ikastetxe batzuetako irakasle teknikoak gehituko dira. Halaber, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako beste eskoletara zabaltzeko deia egin dute.

Arratsaldean hasi zuten itxialdia atzo. Mendizabalako askotariko tailerrak dituzten eraikinen artean dago F eraikina: makina-erreminta tailerra, pintura tailerra... Tailer horietan ematen dituzte eskolak itxialdian dauden irakasle tekniko horiek. «Ikasgai praktikoak ematen ditugu», azaldu du Lander Urtazak, itxialdian parte hartzen ari den langileetako batek. Azaldu du Lanbide Heziketako teknikari titulua dutela, eta sektore pribatuan egon ondoren hezkuntzan lan egiteko «apustua» egin dutela, hainbatetan hezkuntza sektorearen deia jaso ondoren. «Ez daude pertsona asko irakasle tekniko izateko hezkuntzako zerrendetan».

Bada, langile horiek salatu dute egonkortasuna lortzeko aukera «ukatu» dietela. Eusko Jaurlaritzak iaz hezkuntzan egindako lan eskaintza publikora aurkezteko, unibertsitate ikasketak behar ziren. Irakasle teknikari horiek duten Lanbide Heziketako teknikari tituluak ez zuen balio. «Laburbilduz, ordezkoen zerrendan egon gaitezke, baina ezin dugu lanpostu finkorik lortu, eta lan eskaintzan parte hartzen duen orok aurreratuko gaitu zerrendetan», zehaztu du Joseba Zengotitabengoak, itxialdian egongo den beste irakasle teknikoetako batek. Urtazak bere kasuarekin iruzkindu du langile askoren egoera: «Sektore pribatuan egiten nuen lan; nire bila etorri ziren Lanbide Heziketan irakasle tekniko izateko, eta, orain, egonkortasuna izatea ukatzen didate».

Azaldu dute Eusko Jaurlaritzaren erabakia Espainiako 2007ko dekretu batean oinarrituta dagoela. «2018an baliatu zuten lehen aldiz 2007ko araudia, eta modu ezberdinean ezarri zuten LHko familiaren arabera».

200 irakasle inguru kaltetu

Itxialdia hasi baino ordu batzuk lehenago, goizean azaldu zituzten itxialdiaren zergatiak irakasle teknikoek. Institutuko ordutegiaren atsedenaldia baliatu zuten agerraldia egiteko. «Itxialdia egingo dugu, baina horrek ez du eragingo eskoletan», adierazi zuen irakasleetako batek. Tailerreko jantziekin agertu ziren agerraldira irakasle batzuk. «Zaila da jakitea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zenbat gauden egoera honetan», azaldu zuen Zegotitabengoak. Edonola ere, kaltea zuzenean jasan duten 200 irakasle izango direla kalkulatu dute, eta, zeharka, beste 500 irakasleri eragin diezaiokeela egoera horrek.

Irakasleekin hitz egitera esertzeko galdegin diote Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeari. Azaldu dute Eusko Jaurlaritzako arduradunekin hitz egiten saiatzen hasi zirela duela urte eta erdi, baina ez dutela ezer lortu. Ordezkoen zerrendetan dauden LHko teknikarien lana «egonkortzeko» eskatu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.