Done Mikelen bizki galdua

Doneztebeko monasterioa aurkitu dute Aranzadi elkarteak eta Larunbeko herritarrek Harriaundi gainean. Nafarroan azken urteetan egin den aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuena da, ikerlarien irudiko.
Orain arte, monasterioko hiru habearteak eta absideak azaleratu dituzte Aranzadik eta Larunbeko herritarrek.
Orain arte, monasterioko hiru habearteak eta absideak azaleratu dituzte Aranzadik eta Larunbeko herritarrek. ION ORZAIZ

Ion Orzaiz -

2016ko abuztuak 28
Ez zebiltzan horren bila, baina aurkitu zuten. «Larunben [Txulapain, Nafarroa] betidanik esan izan da Harriaundi mendiaren gainean ermita bat zegoela», gogoan du Peio Esain ikerlari nafarrak. Kondairek eta zurrumurruek akuilatuta, ermita horren bila hastea otu zitzaien hainbat herritarri duela zazpi urte. Eta zerbait aurkitu zuten, bai, baina ez bilatzen zuten hori. Espero zutena baino askoz altxor handiagoa topatu zuten lur azpian. Deskuidoan, kasik. Aurkikuntza handienak egiten diren legez.

XV. edo XVI. mendeko ermita baten ordez, Goi Erdi Aroko monasterio handia azaleratu zuten Larunbeko boluntarioek, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean: Doneztebeko monasterio galdua. «Oso aurkikuntza garrantzitsua da. Azken urteetan Nafarroan arte erromanikoaren esparruan egin den aurkikuntza arkeologiko handiena dela esan dezakegu», dio indusketaren arduradun den Juantxo Agirre-Mauleon arkeologoak.

Ikerlarien arabera, «oso tipologia bereziko monasterioa» da Harriaundiko mendi gainean aurkitu dutena: hiru habearte ditu, beste horrenbeste absiderekin. «Egitura horrek X. eta XI. mendeetako beste monasterio handiekin lotzen du Harriandikoa; besteak beste, Done Mikel Aralarkoarekin», dio Esainek. Gainera, egoera ezin hobean aurkitu dituzte aztarnak: tenpluaren perimetro guztia identifikatu dute, eta aldare nagusiaren zati osoa eta erdiko nahiz alboetako habearteak lurpetik atera dituzte. Horrez gainera, hainbat txanpon, iltze eta zeramika zati aurkitu dituzte ingurumarian.

Zazpi urte daramatzate Larunbeko herritarrek auzolanean, pala eta aitzurrekin Harriaundiko gainetik lurra ateratzen, Larunbeko kontzejuaren ekimenez eta Txulapaingo Udalaren finantzaketa bakarrarekin.

Elkarlan mota hori ezinbestekoa izan da proiektua aurrera eraman ahal izateko. «Gure herriarentzat izugarria izan da aurkikuntza hau. Gazteek, bereziki, gogo handiz heldu diote erronkari, finean, haiek izanen baitira hau zaintzeko arduradunak. Belaunaldi berriek zaindu eta gozatu beharreko altxorra da», gogoratu du Larunbeko kontzejuko alkate Patxi Gorostietak.

Eta herritarrak soilik ez, azaleratutako historia zati horrek ahoa bete hortz utzi ditu Aranzadiko ikerlariak ere: «Metro bateko altuera duten harlandu sailak aurkitu ditugu, eta batasun estilistiko argia nabari da. Horrek erakusten du lan hau ez zuela edonork egin; eskarmentu handiko maisu harginek diseinatutako proiektua da», azaldu du Agirre-Mauleonek.

Orain arte aurkitutako aztarnak bat datoz, gainera, dokumentazio historikoarekin. Izan ere, Alfontso I.a erregeak sinatutako agiri batean aipatzen zen Doneztebeko monasterioa, baina kokalekua zehaztu gabe. XX. mendean ere, Jose Maria Jimeno Juriok eta beste zenbait ikerlarik hipotesi hori berretsi zuten, Iruñerriko ipar-mendebaldean monasterio handi bat egon zela planteatuta.

Hain zuzen, monasterioari buruzko dokumentazioa ikertzen aritu da Aitor Pescador historialaria. Haren aburuz ere, antzekotasun ugari daude Harriaundin aurkitutako aztarnen eta Nafarroako monasterio handien artean: «Hiru nabeko egitura, absideak, tamaina, kokapena... Esanen nuke monasterio hau Done Mikel Aralarkoaren anaia bizkia dela».

Hain zuzen, horretan datza aurkikuntzaren garrantzia: datazioa konfirmatzen bada, nafar arkitektura erromanikoaren adibiderik puru eta garbienetako bat izanen da Larunbekoa. «Ikerketa zientifiko eta historikoak egiteko oso baliagarriak izanen dira aztarna hauek», dio Agirre-Mauleonek. «Iratxe, Leire, Aralar, Irantzu... Monasterio horiek guztiek, jatorrian, ezaugarri antzekoak zituzten, baina zaharberritzeak eta moldaketak pairatu dituzte mendez mende. Txulapaingo Doneztebe monasterioa hain egoera onean aurkitu izanak aukera emanen digu nafar erromanikoa bere horretan ikertzeko, moldaketarik gabe».

Santutegiaz harago, talaia

Dagoeneko, hipotesiak planteatzen hasiak dira ikerlariak. Pescador historialariaren ustez, kasurako, Iruñeko Erresumari lotuta egon zen Txulapaingo Doneztebe monasterioaren proiektua, eta funtzio erlijiosoaz harago, izaera estrategikoa zuen. «Gaur egun, ez luke zentzu handirik izanen ia 1.000 metroko altuera duen gain batean halako tenplu bat eraikitzeak, baina, baskoien edota Erromako inperioaren garaian, Harriaundi menperatzeak garrantzi politikoa eta militarra zuen, tontor honetatik Ab Asturica Burdigala bidea kontrola zitekeelako [Galizia eta Bordele arteko bide erromatarra]».

Are gehiago: Harriaundik hiruki estrategikoa osatzen omen zuen Ergako Trinitatearekin eta Done Mikel Aralarkoarekin. «Paregabeko talaiak dira hirurak, eta horietan tenpluak eraikitzeak garrantzi handia zuen garai hartan, Sakanatik Iruñerriraino dagoen espazio osoaren kontrola bermatzen zielako agintean ziren bi instituzioei; Elizari eta koroari, alegia».

Pescadorren irudiko, kokapen estrategikoa da X. eta XI. mendeetako monasterio handi guztiek partekatzen duten beste ezaugarri nagusietako bat: «Helburu estrategiko bertsuekin eraiki ziren, besteak beste, Done Mikel Aralarkoa, Leire edota Iratxeko monasterioak. Argi izan behar dugu ez zirela honaino etortzen errezatzera soilik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna