Oniritzia elkarlanari

Prestakuntzarako zentro bat jarriko dute suhiltzaileentzat Donibane Garazin; Europako Alert programaren barruan, Nafarroako, Ipar Euskal Herriko eta Gipuzkoako elkarlana erraztuko du.
Donibane Garaziko suhiltzaileen parkea. 2020ko urte hastapenean Navarre lizeoaren atzeko aldera lekualdatuko dira.
Donibane Garaziko suhiltzaileen parkea. 2020ko urte hastapenean Navarre lizeoaren atzeko aldera lekualdatuko dira. ISABELLE MIQUELESTORENA

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko otsailak 23
Jendea laguntzeko, gauza logikoa da elkarlanerako eta prestakuntzarako zentro baten ideia; beraz, beharrezkoa zen». Bizilagunarekin lan egitea ardura zaio Jean Louis Castet Donibane Garaziko suhiltzaileen taldeko kudeatzaileari, «gaur egun, hala ere, bizilagunak ez, anai-arrebak gara», zehaztu du. Izan ere, hiru hamarkada baino gehiago daramatzate Nafarroako suhiltzaileekin elkarlanean, baina elkarlan hori nolabait formalizatu gabe zegoen, horrek zekarren traba guztiekin. Europako Batasuneko Poctefa programaren barruko Alert proiektuarekin, elkarlanerako harremanak estutuko dituzte. Eta proiektua biribilduko duena Donibanen Garazin kokatuko den prestakuntzarako zentroa izango da, suhiltzaileentzat erreferentzia puntu izango dena.

Prestakuntzarako zentroa Navarre lizeoko atzeko aldean eraikiko dute, 5.000 metro koadroko eremuan. Nafarroa Behereko hiriburua leku aproposa iruditzen zaio Casteti, Orreaga eta Donejakue bidearean artean dagoelako. «Erromesek diote Donibane Garazi Paris baino ezagunagoa dela!», esan du irriz. Garaziko herriari beste dimentsio bat emango diola pentsatzen du, nahiz eta proiektua garatzeko babesa ez duten berehalakoan eman Donibane Garaziko eta Oztibarreko 26 herriko etxeek: «Iazko azaroan bilkura bat ukan genuen, eta auzapez gutxi agertu ziren: hamar-hamabi bat. Udalerri guztiek dirua eman behar dute; bestela, proiektua bertan behera geldituko litzateke. Baina batzuek ez zuten ulertzen Europako proiektu bati dirua eman behar izatea». Guztira, 1,5 milioi euro kostatzen da, eta horietatik 250.000 euro herriko etxeek jarri behar dute, populazioaren arabera. Denek baiezkoa emanda, otsail bukaeran edo martxo hastapenean sinatuko dute proiektua. Gero etorriko da arkitekto baten bilaketa, planoak eta guztia. 2019ko azarorako egina egongo dela aurreikusten dute.

Administrazioen oztopoak

Alert proiektuko kideak Pirinio Atlantikoetako Kontseilua, Nafarroako eta Aragoiko gobernuak eta Gipuzkoako Aldundia badira ere, Katalunia eta Pirinio Orientaletako suhiltzaileek zerbitzua baliatzeko aukera izango dute gonbidatu gisa. Prestakuntzarako zentro horretan, beraz, toki bakoitzean larrialdi egoeretan egiten dutena partekatuko dute; besteak beste, lan metodologiak, ez baitute berdin lan egiten Nafarroan, Gipuzkoan eta Nafarroa Beherean, esaterako; bai, ordea, Lapurdin eta Nafarroa Beherean. «Guk gaurkoz ez dakigu Gipuzkoan zerbait gertatzen bada nola jokatu. Prestakuntzarako zentro horretan elkarrekin nola lan egin ikasiko dugu», esan du Castetek.

Alert proiektuak iraungo duen bi urteetan, 2018tik 2020ra, tokian tokiko lanketak egingo dituzte suhiltzaileek. Halaxe azaldu du Arkaitz Orbegozo Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzuburuak: «Guk, adibidez, Hendaiako edo Irungo parkean egingo ditugu lanketak eta behin prestakuntzarako zentroa egina dagoela, proiektuaren amaieran, jarraipena eman ahal izateko balioko digu: maniobrak egiteko, metodologia aldatu edo berritu nahi badugu partekatzeko...».

Jose Javier Boulandier Nafarroako suhiltzaileen ofizialak «oso ongi» ikusten du prestakuntzarako gunea: «Elkarlanak ez du harreman pertsonalaren araberakoa izan behar soilik, ez du horretara mugatua egon behar. Zerbait jarraitua izatea nahiko genuke, hau da, nahiz eta pertsona bat edo bestea egon proiektuak jarraipen bat izan behar du, formalizatua eta instituzionalizatua».

5.000 metro koadroko eremu horretan, halaber, Donibane Garaziko suhiltzaileen parkea eraikiko dute. «Urte anitz badira parke bat eskatzen dugula, gurea txiki gelditu da. Urte osoan esku hartze anitz egiten ditugu, eta kamioi eta suhiltzaile anitz gara», azaldu du Donibane Garaziko suhiltzaileen kudeatzaileak. Guztira, 36 suhiltzaile boluntario dira.

Lurraldeetako suhiltzaileen arteko elkarlana ez da kontu berria, eurek dioten moduan larrialdiek ez baitute mugez ulertzen. Elkarlan hori, baina, formalizatu gabe zegoen, eta, hori dela eta, administrazioek jartzen zituzten oztopoak ez ziren goxo elkarlana behar bezala gauzatzeko. Adibide argi bat eman du Boulandierrek: «Orain dela egun batzuk Luzaiden [Nafarroa] sute bat piztu zen teilatu batean, eta Auritzekoak lehenago iritsi ziren Donibane Garazikoak baino. Deiak egin behar dituzte, eta abiatzeko baimena ematen dioten arte denbora pasatzen da. Iritsi zirenerako sua itzalita zegoen». Beste adibide bat ere eman du Castetek: «2014an uholdeak izan genituenean, Luzaidekoak galdetu gabe etorri ziren laguntzera. Guk hori ezin dugu egin; Frantziako Administrazioari ez zaio gustatzen».

Nafarroako suhiltzaileen ofizialaren iritziz, «bidezko zerbitzu bat» ematea da kontua, «jendeak eskubidea du, bizi den tokian bizi dela ere, zerbitzu hori edukitzeko». Beste gauza bat seguruena da; horrekin arazo gehiago sortzen dira: «Madril eta Paris horregatik kexatzen dira, hitzarmenik ez baldin badago, arazoak daude segurua nori dagokion ordaintzea. Baina hori beste kontu bat da, gure helburu nagusia jendea laguntzea da, eta hor ez litzateke oztoporik egon beharko».

Behar hori da, hain zuzen, Alert proiektuaren oinarria, SDIS64ko arduradun Michel Blanckaertek azaldu duenez: «Elkarrekin lan egiteko beharra ikusten genuen, baina ez zegoen ezer formalizatuta. 2015ean, Nafarroako suhiltzaileekin formula bat frogatu genuen elkarlanean aritzeko; ez dugu berdin lan egiten, materiala ere ez dugu bera... Froga hori ongi atera zela ikusita, proiektua Europari aurkeztea erabaki genuen». SDIS64 zerbitzuak gerora beste lurraldeei proposamena egin zien, eta txostena idatzita, Europak baiezkoa eman zuen azaroan. Proiektuak, guztira, 3,6 milioi euroko kostua izango du, eta Europak 2,2 milioi euro bideratuko ditu. Gainontzekoa lau bazkideen artean osatu beharko dute.

Orbegozo 2016. urtearen hasieran iritsi zen buruzagitza berrira, eta euren zerbitzua zabaltzea beharrezkoa zela ikusi zuten: «Gainditu gabeko irakasgai bat genuela ikusi genuen. Saialdiak egin ziren aurretik, baina beti arazo berbera egon da: legedia. Ipar Euskal Herriko suhiltzaileena estatu konpetentzia bat da, eta Paristik gobernatzen da, eta ez dute inolako hitzarmenik; beraientzat, aldundia administrazio lokal bat da». Boulandierrek beste saialdi bat ere aipatu du: «Orain bi legegintzaldi, Donejakue bideari lotutako proiektu bat egiten saiatu ginen. Arazo asko zeudela ikusi genuen, hildakoak ere izan ziren bidean, eta zerbait egin beharra zegoela argi zegoen. Lankidetza akordio bat egin nahi genuen, baina ez zuen dimentsio handirik hartu». Proiektu berri honekin hori guztia arinduko dela espero dute, baina horretarako ez dute lan makala.

Lan ildoak findu

Proiektua martxan jartzeko lehen bilera martxoan izango dute, eta hortik 2020ra bitarte nola lan egingo duten zehaztu beharko dute. Lan ildoetako bat elkarri nola deituko dioten izango da. «Hasierako informazioa oso garrantzitsua da, eta lau koordinazio salak elkar lotu nahi ditugu: Gipuzkoako Bai Esan, SOS Aragon, Paueko zentrala eta SOS Navarra. Pirinio Atlantikoetan larrialdi zerbitzuak ez daude zentralizatuta, Polizia alde batetik doa, anbulantzia beste aldetik... alde horretatik pixka bat konplikatuagoa da», adierazi du Boulandierrek. Mugaz gaindi koordinazioa galdu egiten dela nabarmendu du Orbegozok: «Iparraldekoen zentrala Pauen dago, horiek SOS Deiak-era deitzen dute, horiek gero guri... Guri informazioa iristen zaigunerako berandu izan daiteke. Hori landu nahi dugu, nola aktibatuko diogun elkarri».

Informazioa elkar pasatzeko orduan, ordea, hizkuntza oztopo izan da zenbaitetan, eta hori gainditzeko hiztegi txikiak prestatzen ari dira hainbat hizkuntzatan, komunikazioa errazteko eta hobetzeko. Suhiltzaileen zerbitzuetako zentralak beraien artean aplikazio teknologiko bidez komunikatzeko asmoa dute. Aurretik euren arteko ezagutza egiteko zentral desberdinak ikusiko dituzte, nola lan egiten duten ikusi...

Koordinazio operatiboa deitzen dioten alorretako bat izango litzakete hori. Bestea buruzagitzena da, Orbegozok azaldu duenez: «Esku hartze batera joaten garenean, azkenean norbaitek agindu behar die denei. Horretarako, ikastaro batzuk antolatu dira, denek ere hizkera komun bat erabiltzeko, aginte eta kudeaketa metodologia komun bat izateko. Hori oso gauza garrantzitsua izango da proiektu honen aurrean». Boulandierrek gehitu du eurek dagoeneko erabiltzen dutela metodo bat elkarlanean aritzeko: «Oso metodo grafikoa da, kasik hizkuntzarik gabe uler gaitezke». Materialari dagokionez ere, desberdintasunak daude. Mahuken konexioak desberdinak dira, egokigailuak behar dira. Gainera, lan egiteko modua ere ez da bera: mahuka bakoitzean zenbat lagun egongo diren, zenbat mahuka erabiliko diren, nor egongo den sua kanpotik kontrolatzen eta nor barrutik... Hori ere elkarrekin banatu eta adostu beharko dute.

Leku sentikorrak deitzen diren alorra ere landuko dute. Horietako bat Donejakue bidea da. Erromesak gal daitezke, ondoezak izan daitezke, lesioak... Elkarlanarekin erromes horiek ahalik eta azkarrena nola artatu aztertuko dute. Bentetan ere jende asko ibiltzen da, horietan zerbait gertatzen bada nola jokatu zehaztuko dute. Aragoirekin eski estazioetan lan egingo da, pertsona kopuru handia biltzen den tokiak baitira.

Gipuzkoaren kasuan, leku sentikor garrantzitsu bat Jaizkibel da. Talaia bidea jende askok bisitatzen du, baina informazioa falta da norbait galtzen denean, ondoezik dagoenean edota min hartuta dagoenean zer egin behar duen jakin ahal izateko. «Gure asmoa Jaizkibel kartografiatzea da: elkarretaratzeko guneak ezarriko dira, hau da, arazorik izanez gero, gune batzuk egongo dira, eta horietara bilduta errazagoa izango da pertsona hori topatzea. Turismo bulegoetan, segurtasunari dagokion informazioa emango da», azaldu du Orbegozok. Horrez gain, arrisku urbanoa landuko du Gipuzkoak; bakarra izango da hori egingo duena, beste tokietan muga egiten duten lekuak mendiak baitira. Bidasoa eta Txingudi eremuan jende asko bizi da, trenbideak daude, azpiegiturak, material kimikoak garraiatzen dituzten kamioiak, aireportua... Zein arrisku puntu dauden antzemango dute. Baso suteak, elurrari dagozkion arriskuak... Nafarroak, Pirinio Atlantikoek eta Aragoik landuko dute. Hala, Europako proiektu horren aterkiaren azpian elkarlan hori sustatzeko eta lan ildoak zehazten hasteko esparrua topatuta, mugek euren definizioan duten esanahia aldatzea izango dute helburu. Bai, behintzat, larrialdiei dagokionez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna