ELA: «Pentsioak ez dira hobetuko soldata onik gabe»

2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
BILBO. ELA sindikatuak salatu du pentsioen hobekuntza «ezinezkoa» izango dela langileen kontratazioak «miserableak» diren bitartean. Pentsioei buruzko proposamenak: Iragan hurbiletik eraiki nahi dugun etorkizunera txostena kaleratu zuen atzo sindikatuak, eta euskal erakundeei pentsio duinak bermatzeko eskatu zien.

Sindikatuak adierazi zuen egungo pentsioak txikiak direla, batez ere emakumeen kasuan, eta, horri aurre egiteko, Toledoko Ituna eta haren ondorio diren erreformen aurka egiteko deia zabaldu zuen. Horrekin batera, pentsio sistema euskal erakundeetara transferitzeko eskatu zuen, «baina ez Gizarte Segurantzan logo ezberdin bat kokatzeko bakarrik».

ELAren datuen arabera, Hego Euskal Herrian pentsioetara bideratzen den aberastasunaren zatia —%11,1— Europako Batasuneko batezbestekotik behera dago —%13—, eta 1.416 milioi euro gehiago bideratu beharko lirateke horra iristeko.

Sindikatuaren ustez, egoera hobetu ahal izateko beharrezkoa da kalitatezko enplegua sortzea, eta soldatak KPI kontsumo prezioen indizetik gora igotzea. Ezinbestekotzat jo dute Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurkako herri ekinaldi legegilea onartzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.