EBk eta Erresuma Batuak trantsizio ituna egin dute

2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
BRUSELA. EB Europako Batasuneko eta Erresuma Batuko negoziatzaileek akordioa itxi zuten atzo Bruselan, brexit-aren ondorengo trantsizio aldiari buruz. «Pauso erabakigarri bat da, baina ez da bidearen amaiera», esan zuen Michel Barnier EBren negoziatzaileak. David Davis Erresuma Batuaren negoziatzailearen ustez, atzoko akordioak bidea ematen du trantsizio aldiaren ondorengo harremanari buruzko negoziazioak «lehenbailehen» hasteko. Europar Kontseiluak —EBko estatuetako agintari gorenek osatzen dute— itun horri oniritzia eman ala ez erabakiko du etzi eta ostiralean egitekoa duen bilkuran.

Erresuma Batuak datorren urteko martxoaren 29an utziko du EB, eta Barnierrek eta Davisek trantsizio aldiaren epea zehaztu dute: egun horretan hasi, eta 2020ko abenduan bukatuko da. Epe horretan, bi aldeetako herritarrek orain arteko eskubide berberak mantenduko lituzkete —baita trantsizio aldian alde batera zein bestera mugituko liratekenek ere—, eta Londresek merkataritza akordioak negoziatu ahalko lituzke —baina ez egikaritu—. Irlandako mugaz ez dute akordiorik egin, baina Erresuma Batuak onartu du ados jartzen ez badira Ipar Irlandak aukera izango duela merkatu eta aduana batasuneko arlo batzuetan gelditzeko eta, hala, «muga gogorra» eragozteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.