Larrialdi egoera ezarri dute Maldivetan

Yameen presidentea.
Yameen presidentea. ROMAN PILIPEY / EFE

Berria -

2018ko otsailak 6
KOLONBO. Maldivetako Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen atzo artxipelagoan. Abdulla Yameen presidenteak uko egin dio Auzitegi Gorenak aurreko ostegunean hartutako erabakia betetzeari, eta, orduz geroztik, nabarmena da tentsio giroa herrialdean. Auzitegiak oposizioko hamabi diputaturi aukera eman die legebiltzarrera itzultzeko, eta bertan behera utzi du oposizioko beste bederatzi kideren kontra hartu zen erabakia, tartean Mohamed Nasheed presidente ohiaren kontrakoa. Nasheedek, hortaz, aukera izango luke herrialdera itzultzeko eta datorren abuztuan egingo diren presidentetzarako bozetara aurkezteko.

Auzitegi Gorenaren epaiaren arabera, oposizioko kideen kontrako zigorren atzean «arrazoi politikoak» daude, eta auzian parte hartu zuten epaileek ez zuten bermatu botere banaketa. Bada, epaiketa berriz egitea agindu du auzitegiak, eta, bien bitartean, preso dauden oposizioko kideak askatzea.

Yameenek hiru eskutitz bidali dizkio erakunde judizial gorenari atzera egin dezala eskatzeko, konstituzioa urratu eta estatuan bidegabe esku hartu duelakoan.

Nasheed presidente ohiak, aldiz, larrialdi egoera ezarri izana gaitzetsi du, gerra legearekin alderatuz. Parlamentuan ordezkaritza duten oposizioko 37 diputatuek, berriz, gobernuari ohartarazi diote epaia bete ezean liskarrak zabaldu daitezkeela. Amnesty International gobernuz kanpoko erakundea ere kezkatuta agertu da egoerarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna