ZUZENDARIARI

Badakigu nondik

Zarautz
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Azken egunotan euri-urek kalteak sortu dituzte gure artean eta baita atzerrian ere. Zeruari kulparik botatzerik ez eta arrazoien bila hasten gara, kexu eta salaketaz gain.

Holakoetan gogoratzen naiz nola duela urte batzuk Kanaria uharteetan, Tenerifen hain zuzen, kalte handiak izan ziren eurite handien ondorioz.

Egun haietan hango teknikari batek esan zuen: ez dakigu euria noiz egingo duen; ez dakigu zenbat egingo duen; ez dakigu non eroriko den; baina dakiguna da egiten duenean egiten duena egiten duela, nondik etorriko den eta nondik joango den.

Hori ahaztuta bizi garela dirudi, ezbeharrak gertatzen diren arte. Eman diezaiogun begirada bat gure inguruari.

Alde batetik, gure herri inguruetako mendi-hegalak pistaz beterik dauzkagu. Pistek lurrazalean mantso datorren ur-emaria kanporatu eta bildu egiten dute eta erreka berri bihurtu.

Pistek, betiko errekek ez bezala, alboka ebakitzen dute mendia eta bestela euri urak bailararaino iristen orduak beharko lituzkeena minutu gutxitan azaltzen da dena batera. Pistak gaizki diseinatuak dauzkagu, edo gaizki zainduak, edo abandonatuak, euri-uren indarren menpe.

Bestalde, azalera asfaltatua edo teilatuz estalia gero eta handiagoa dugu hiriguneetan. Horra erortzen den euri-ura ere istant batean da erreka edo ibaian. Bat-bateko ur-etorri hori bideratzeko nola dauzkagu gure erreka eta ibaiak?

Uraren Euskal Agentziak ikasgai egokiak ematen dizkigu egunero irrati eta telebistatik, baina emaitza gutxi ikusten dugu gure herrietan.

Udalerri bakoitzak jakin beharko luke argi eta garbi ura nondik etorriko zaion eta zein bide hartuko duen. Paretik kentzeko estrategiak landu beharko lituzkete euria egin aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.