Eutanasia zigorgabetzeko proposamena Kongresuan da

Kataluniako Parlamentuak onartutako lege proposamen bati atea zabaldu diote; izapidetze prozesua martxan da

2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
MADRIL. Espainiako Parlamentuan da eutanasia zigorgabetzea proposatzen duen lege proposamen bat, Kataluniako Parlamentuak egindakoa. Egun, pertsona bati hiltzen laguntzea delitu gisara zerrendatuta dago Zigor Kodean. 2-10 urte arteko kartzela zigorrak eska daitezke norbaiti bere burua hiltzen laguntzea edo eutanasia egitea erabakitzen dutenentzat. Hainbat sektore aspalditik dabiltza eskatzen hori aldarazteko. Kongresuko diputatu gehienen oniritziarekin onartu zen atzo proposamena: PPko eta UPNko diputatuek baino ez zuten eman aurkako boza. Ciudadanos abstenitu egin zen. Katalunian onetsi zuten testuak dio gaixotasun sendaezinen bat duen eri batek eskea era «aske eta argian» egiten badu ezin dela inor ere zigortu hura hiltzen laguntzeagatik. Zigor Kodean propio hori dioen aipamen bat eranstea nahi dute horretarako. Izapidetze prozesua martxan da orain.

Lehendik ere heldu izan dira Kongresura antzeko eskariak, baina ez dira onartu. Orain, Kataluniatik heldu den proposamen horri gehitu behar zaio PSOE alderdiak lehengo astean erregistratutako beste bat: testu horretan, eutanasia zigorgabetzeaz harago, jarduera hori arautzeko irizpideak ere zerrendatzen dira. Mendekotasun larria eta kronikoa dutenen eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenen eskariak aintzat hartzeko pentsatuta dago proposamen hori.Eutanasia eta suizidio lagundua onesten dituzten hainbat herrialdetako legediak oinarri hartu dituzte testua ontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.