Baliteke Herbehereetako Gobernuak dimisioa ematea gaur

Seme-alabengatik jasotako laguntzak itzultzeko eskatu du gobernuak, gurasoen ardura ez ziren «akatsengatik»

Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroa. EM VAN DER WAL/EFE.
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
AMSTERDAM. Herbehereetako Gobernua krisi politiko betean dago: iazko abenduan kaleratutako txosten batek azaldu zuen administrazioak seme-alabengatik emandako diru laguntzak bueltarazi zizkiola zenbait familiari, legezko babesik gabe. Hauteskundeetarako bi hilabete falta direlarik, gobernuaren etorkizuna airean dago. Ministroen ezohiko kontseilua bildu zen herenegun, eta gaur jakinaraziko dute erabakia.

Herbehereetako Gobernuak «inoiz ikusi gabeko kaltea» egin zien 20.000 gurasori, herrialdeko diputatuen batzorde batek iazko abenduan kaleratutako txostenaren arabera. Han azaldu zuten gurasoek jasotako diru laguntzak itzularazi egin zizkietela, legezkoak baziren ere, «akatsak» argudiatuta. Izapideak bukatu gabe egotea edo dagokiena baino diru kantitate handiagoa jasotzea izan ziren horretarako argudioak, eta, kontu horiek gurasoen esku ez bazeuden ere, dirua bueltatzera derrigortu zituzten, haietako asko baldintza ekonomiko eskasetara bultzatuz. Gehitu zuten ministroak, funtzionarioak, diputatuak eta epaileak horren parte zirela, eta «gurasoak aurka egiteko botererik gabe» utzi zituztela.

Gobernuak barkamena eskatu die biktimei, eta 30.000 euroko kalte-ordainak ordaintzea onartu du. Hori ez da nahikoa izan, ordea; oposizioak eta familiek gobernuaren dimisioa eskatu dute. Hain zuzen ere, gaur jakinaraziko dute erabakia Mark Rutte lehen ministroak eta koalizio gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.