Errefuxiatuak erreskatatzen aritzeagatik, epaiketa Grezian
ATENAS. Greziako uharteetara iristen diren errefuxiatuak erreskatatzen aritu izan dira Sean Binder urpekaria eta Sarah Mardini igerilaria GKE gobernuz kanpoko erakunde batean. Horregatik epaitzen ari dira, Grezian: erreskate lanetan aritzeagatik. Atzo hasi zen epaiketa. Espioitza eta faltsutzea egozten die Ipar Egeoko Apelazio Auzitegiak, eta zortzi urteko kartzela zigorra ezar diezaieke epaileak. Beste 22 lagun ere epaitzen ari dira. Amnesty International eta Human Rights Watch GKEek, besteak beste, Greziako justiziari eskatu diote erretiratzeko Binderri eta Mardiniri leporatzen dizkieten karguak.
Mardini Siriakoa da jatorriz, eta errefuxiatu moduan heldu zen Greziako Lesbos uhartera, 2015ean. Ahizparekin joan zen Europara, eta bien bizitzan oinarrituta dago iaz estreinatu zuten The Swimmers filma (Igerilariak, euskaraz). 2016tik aurrera errefuxiatuak erreskatatzeko lanetan aritu izan da uharte berean. Binder alemaniarra da, eta Lesbosen aritu izan da erreskate lanak egiten. 2018ko abuztuan atxilotu zituzten bi gazteak, eta ehun egun baino gehiago igaro zituzten espetxean; bermea ordainduta aske utzi zituzten.
Ipar Egeoko Apelazio Auzitegia ari da epaiketa egiten orain. 2021eko azaroan egin behar zuten, baina, prozeduraren zenbait arazoren ondorioz, atzo hasi zen epaiketa. Beste 22 lagun ere akusatu dituzte.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.