Espainiako Poliziak Nafarroan zuen burua kargugabetu dute

Ezkerreko alderdien eta alderdi abertzaleen aurka irainak eta mespretxuzko mezuak zabaldu zituen Twitterren

2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Daniel Rodriguez Lopez Espainiako Poliziaren Nafarroako buruak dimisioa eman du argitara atera delako Twitter kontu batetik hainbat politikariren aurkako mezuak zabaldu dituela. Besteak beste, Podemoseko politikarien aurka eta alderdi abertzaleen kontra jotzen zuen. Aitor Esteban EAJko Espainiako Kongresuko diputatuaren eta Uxue Barkos Nafarroako presidentearen aurkako mezuak idatzi izan ditu, baita Antonio Tejero militar kolpistaren aldekoak ere. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa zen gaur Rodriguez kargugabetzekoa, baina horren aurretik utzi du postua poliziaburu ohiak.



Eldiario.es atariak ezagutarazi du berria, eta, esan dutenez, bere telefono ofizialean zuen kontu sekretua. Alegia, bere jarraitzaileek soilik ikus zitzaketen Rodriguezen txioak. Grande-Marlaskak nabarmendu du mezuak «onartezinak» direla. Esate baterako, Rodriguezek bere kontuan esaten zuen Patxi Zabaleta «nazkagarri, koldar eta oso pertsona gaiztoa» dela, eta Barkosi leporatzen dio Nafarroak beste euskal lurraldeekin «bat egitea» lortu nahi duela. Estebanek ere jaso zituen mezu horiek, eta atzo esan zuen «erabat arbuiagarriak» direla txioak.

Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariaren hitzetan, albistea «mundu guztia zur eta lur utzi du», eta arbuiatu du poliziaburu ohiaren jokabidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.