Siriak eremu gehiago eskuratu ditu Idlib inguruan

Idlibeko Sarman herria. Y. NEMAH / EFE.
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
DAMASKO. Siriak entzungor egin die Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen mehatxuei, eta eremu gehiago eskuratu ditu bere lurraldearen ipar-mendebaldean, Idlib hiriaren inguruetan. Erdoganek Siriako Gobernuari ohartarazi dio Turkiaren behaketa postuetatik urruntzen ez bada erasoa hasiko duela.

Siriako estatu agentziaren arabera, Baxar al-Asaden tropek hainbat eremu eskuratu zituzten atzo, Idlib hiriaren ekialdean, eta Saraqebera gerturatzen jarraitzen dute.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Gai Humanitarioen Bulegoak jakinarazi duenez, joan den abenduaren 1az geroztik, 586.000 pertsonak beren etxea utzi behar izan dute gatazka militarraren ondorioz. «Gehienak, %80 baino gehiago, emakumeak eta haurrak dira», adierazi du David Swanson bulegoaren Siriarako bozeramaileak.

Siriak Idliben eta Alepo mendebaldean indartu du erasoaldia, eremua kontrolatzen duen gobernuaren kontrako aliantza islamistaren aurka.

NBEren arabera, egoera «minutu batetik bestera» ari da okertzen. Aldeei eskatu die «sarraskia» lehenbailehen gelditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.