Abian da aurretiazko botoa azaroaren 18ko galdeketetan

Donostian erabiliko dituzten hautetsontziak aurkeztu ditu GEDek, eta kontsulten garrantzia nabarmendu du. Bideoa albistearen amaieran.

2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Azaroaren 18an etorkizun politikoari buruzko galdeketak egingo dituzte Donostian, Irunen (Gipuzkoa), Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin (Bizkaia), eta herritarrek aldez aurretik botoa emateko aukera dute atzotik. Donostian, 150.000 lagun inguruk izango dute botoa emateko eskubidea, eta hala egin zuten atzo zenbait herritarrek.

Azaroaren 18an 37 hautesleku zabalduko dituzte Gipuzkoako hiriburuan, eta horietan jarriko dituzten hautetsontziak aurkeztu zituen igandean Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak. Aquariumean eginiko ekitaldi batean erakutsi zituzten hautetsontziak, eta bertan izan ziren Andoni Etxebeste EAJko Gipuzko Buru Batzarreko kidea eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, hiriko eragile politiko, sindikal eta sozial ugaritako ordezkariez gain. Aquariumera heldu aurretik, kalejiran joan ziren Alde Zaharretik.

Galdeketak «garrantzi handiko ariketa» izango direla nabarmendu zuten Maria Mungia eta Ibon Rosales bozeramaileek, eta azaldu «gaitasun tekniko, ekonomiko eta kolektibo izugarria» eskatzen duela: «Pauso esanguratsua eta eraginkorra dela uste dugu, aurrera begira sor daitezken agertokiei begira». Gogorarazi zuten 1.000 bat boluntario behar dituztela azaroaren 18an, eta bat egitera deitu zituzten herritarrak: «Erabakiaren bidean mugarri garrantzitsu bat jartzera goaz».

[youtube]https://youtu.be/qrCFkcy5yqI[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.