Bost urteko zigorra, bi ikasleri sexu abusuak egiteagatik

Berria -

2018ko ekainak 13
GASTEIZ. Arabako Probintzia Auzitegiak bost urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Gasteizko irakasle bati bi ikasleri sexu abusuak egiteagatik, eta beste irakasle bati sexualki jazartzeagatik. Ikasleetako bat adingabea zen erasoa gertatu zenean. Fiskaltzak 18 urte eta erdiko zigorra eskatu zuen gizonarentzat; absoluzioa, berriz, defentsak. Eusko Jaurlaritza ere akusazio partikular gisa aurkeztu zen epaiketan, eta 17 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen.

Epaileek azaldu dute sinesgarritasun osoa eman diotela biktimen salaketari eta lekukoen testigantzari. Baztertu egin dute, ordea, erasoak haren izateko modu «txantxazalearekin» arrazoitu zitezkeenik, hainbat lekukok argudiatu bezala.

Izan ere, epaimahaiaren arabera, gizonak emakumeekiko hurbiltasuna bilatzen zuen ukituak egiteko. Adingabea zen ikasleari, sexu ukituak egin zizkion, kilimak egiteko itxurak eginez bidea itxi eta bularra eta ipurdia ukituz. Lankidearen kasuan, berriz, hainbat mezu bidali zizkion bere itxura fisikoaren inguruan, eta muxuak eskatu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna