Protestak egin dituzte diputatuen bulegoen aitzinean

ANGELU. Sindikatuek protestak egin zituzten atzo arratsean Vincent Bru eta Florence Lasserre diputatuen bulegoen aitzinean, Frantziako Gobernuak egin nahi duen erretreten erreformaren kontra bozka dezatela eskatzeko. Herenegun abiatu zuten testuaren azterketa Frantziako Asanblean, eta martxo bukaerarako bozkatzea lortu nahiko luke Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak. Errepublikanoen babesa eskuratzea espero du horretarako, baina diputatu aski biltzea lortuko ez balu, 47-3 artikulua erabilita dekretuz onartzea izan liteke aukeretako bat.
Erretirorako adina gibelatzea ekarriko du Frantziako Gobernuaren erreformak: onartua bada, 64 urte arte itxaron beharko da erretreta hartu ahal izateko, eta 43,5 urte sari beharko dira pentsio osoa eskuratzeko. Urtarrilaren 19an greba orokorrera deitu zuten sindikatu nagusiek, eta milaka pertsonak manifestazioa egin zuten Baionan. Urtarrilaren 31rako deitu dute ondoko greba egunera, baina anartean ekintza gehiago eginen dituztela iragarri dute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.