ZUZENDARIARI

Goia, bideragarritasuna eta sardinak

Aitor Aramendi Lizaso.
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Añorga-Txikin auzoa masifikatuko duen proiektua inposatu nahi du Donostiako Udalak. Aspaldi hasi ziren hainbat auzotar proiektua aldatzeko lanean, eta azken urtean mobilizazio ugaritara deitu da, non parte hartze zabalak argi utzi duen auzotarren kezka eta iritzia.

Bi lelo izan dira errepikatuenak: Goia, alucinas, no somos sardinas! eta ume kuadrillak asmatutakoa: Añorga-Txiki: izenak esaten du!. Lelo hauek ondo adierazten dute zentzugabekeriak sortzen dituen amorru eta itolarri sentimenduak.

Umeen kasuan, agian galdera batzuk ere sortu zaizkie: Eneko Goia alkate jaunak auzoaren izena ezagutzen al du? Agian ez da inoiz gure auzora etorri? Edo, akaso, handia/ txikia lezioa galduko zuen txikitan... Alkateak berriz, agian pentsatuko du ume hauei bideragarritasunaren lezioa falta zaiela oraindik.

Baina gainontzeko gazte eta zaharragook honen inguruan gure ezagutza eta iritzia badugu, alkate jauna. Eta ez dugu onartuko, hainbat ikuspegitatik bideragarria ez den proiektu bat inposatzeko, zuek bideragarritasunaren esanahia manipulatzea eta aitzakia edo mantra bezala erabiltzea. Beste gai edo arrazoi guztien gainetik onartu beharreko zeozer bezala aurkezten duzue zuen interpretazio interesatua; beste aukerarik edo irtenbiderik ez balego bezala. Eta iritzi desberdina dugunak, ezer ulertzen ez duten pertsonak bezala tratatzen gaituzue... Eskerrak Donostiako Udalean gauza hauek ulertzen eta menderatzen dituen jendea zaudetela, ezta?

Bostehun etxebizitza daude Añorga-Txikin. Irtenbiderik gabeko bi kale eta plazarik ez. Lurrean marraztutako gezurrezko bi biribilgunetxo, non ez zabor-kamioiak eta ezta autobusak ere, ezin duten buelta eman. Udalak inposatu nahi duen 250 etxebizitza gehiagoko proiektua guztiz zentzugabekoa da, eta ez, ez da bideragarria. Gehiago sakondu gabe, bi arrazoi nagusirengatik: tokia txikiegia da eta ez gara sardinak.

Beraz, proiektuko etxebizitza kopurua erabat murriztearen eta gaur egun auzoak dituen arazoak konpontzearen eskaeren aurrean, nola arraio ulertu behar da udalaren ezezkoa bideragarritasunaren izenean? Zer hartzen duzue kontuan? Auzoarentzako onurak eta kalteak ez behintzat. Proiektuaren balantzea hau da: onurarik ez, betiko arazoak areagotuta eta berri batzuk gehituta. Proiektuaren egokitasuna honekin neurtu beharra dago ezer baino lehen. Ondoren, zenbat diru publiko, gu denon dirua, bideratu nahi edo behar den eztabaidatu beharko da; ondorioz promotore pribatuei zenbat bideratu, eta abar, eta abar.

Ba, horixe, agindu duzuen parte hartze prozesuaren zain gaude benetako auzi hauetaz hitz egiteko, eta propagandan saltzen duzuen Donostiako auzo eredua proiektu honetan nola betetzen duzuen ikusteko.

Gure aldetik, auzoarentzat bideragarria den proiektu baten alde lanean jarraituko dugu, añorga-txikitarrok gure auzoa maite eta zaintzen dugulako, bizigarri izan dadin gaurko eta biharko auzokide guztiontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.