ZUZENDARIARI

Euskaraz irakurtzean, euskaraz pentsatu

Iñaki Olabezela Iturriaga.
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Gutun honen bitartez kazetari, idazle, politikari askok aditz nagusia aurretik jartzeko duten joerarekiko desadostasuna eta horrek sorrarazten didan deserosotasuna adierazi nahi nituzke, nahiz eta kasu batzuetan, azpimarratu nahi den ideiaren arabera, egokiagoa ere izan daitekeen. Hala ere, esaldia eratzerakoan gaztelerazko era hobesten dugula iruditzen zait. Batzuek, ulergarriagoa eta erosoagoa dela argudiatzen dute. Erosoagoa, norentzat? Ba, nire aburuz, gazteleraz pentsatzen edo pentsatu ohi duenarentzat. Nik sarritan pentsatzen dut gazteleraz, eta jardun ere bai, baina euskaraz irakurtzen ari naizenean, euskaraz pentsatzea atsegin dut.

Bestalde, gazteleratik eratorritako esamolde edo esapideak (ilea hartu, amodioa egin...) gehiegitxo erabiltzen ditugula iruditzen zait. Hainbeste, non egunkariko artikuluren bat gaztelerara itzuli ezean ulertezin gertatu zitzaidan; gazteleratik itzulia baitzegoen, hitzez hitz ia.

Azkenik, egin aditza, eta juntagailua eta al galderetako partikula baztertzeko hartu dugun ohitura deitoratu nahi nuke. Puskatzen da idazten edo esaten dugu, aditz laguntzailea soilik erabiliz, puskatu egiten da-ren ordez; badaki txistua jotzen? galdetzen dugu, txistua jotzen ba al daki-ren ordez; eta, zenbakiez ari garenean, mila ehun esaten dugu, mila eta ehun beharrean. Juntagailuaren erabilerarik ezak bereziki gogaitzen nau, haren erabilera gure artean oso errotua egon delako, eta, gainera, juntagailua erabiltzearren «terrorismoaren gorazarrea» egitea egotzita kartzelatu dutenik ezagutzen ez dudalako.

Bukatzeko, inor ez zela minduko espero dut, eta nire hitzak ontzat hartzea ere bai. Iritzi hau, nire intentzio onenarekin eman baitut. Besterik gabe, agur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.