ZUZENDARIARI

Legendunak ote gara elur azpian?

Jakes Sarraillet Harislur.
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Aspaldidanik, Ipar Euskal Herrikoegitura batzuek Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan EITB ikusi ahal izateko neurriak eta bereziki diruztatzea segurtatzen dute: lehenago herriarteko sindikatu batek (SISCB), eta, sortu denetik, Euskararen Erakunde Publikoak.

Hala ere, Euskal Irrati Telebista deitzen den erakundeak azken aldi honetan, berriz ere, erakutsi du zer axola guti duen Iparraldearekiko. Euskal Herriaren errealitate administratibo bidegabea partzialki baizik ez du kontuan hartzen, eta, azken egunetako denboralea dela-eta, beste froga mingarri bat izan da. Negua bere gordintasun hotzean lurralde osoa jotzen ari zelarik, luze eta zabal mintzatzen ziren kazetariak azaltzeko nolako ondorioak eta trabak sortzen zituen aroak, EAEko eta Nafarroako egoera xehe-xehe aipatuz, hitz bat bera ere izan gabe Iparraldeari buruz. Dena gertatzen da Pirinioetako iparraldean Euskal Herririk ez balitz bezala edo aro txarrak mendiak pasatuko ez balitu bezala...

Kritika horretatik kanpo gelditzen da prefosta, zorionez, albistegiaren bukaeran Andoni Aizpuruk egiten duen eguraldiaren egoerari buruzko aurkezpen zehatz eta orokor bezain erakargarria.

Eta batzuek erantzunen didatenari aurrea harturik, eguerdiko albistegi nagusiaren ondotik ematen duten Iparraldearen orena sailak ez du inolaz ere konpentsatzen, gehienetan mementuko aktualitatetik urrun samar egonez.

Gertatzen dena da orokorrean telebista honek ez duela, nik uste, nazio ikuspegirik, eta herrialde osoa hartzen duen fenomeno bat agertzen denean nahikoa zaio Etzegarate edo Leitzarango errepidearen berri ematea, burutik pasatu gabe garrantzitsua dela ere erratea nolako egoera den Oxkaxeko lepoan (adibidez). Mendiaz honaindian Euskal Herririk ba ote da, euskaldunik ba ote da? Edo bigarren mailako herritarrak ote gira, Erdi Aroko legendunak bezala?

Euskadi Irratiari dagokionez, zorigaitzez, ezin laudorio anitz gehiago eman...

Nahiz eta gure Herriaren %10 baizik ez izan jendetzaz, euskal hiztunez edo eremuz, zaila zait ulertzea, eta mingarria, berriz diot, zergatik bazterrean utziak giren.

EITBko agintari eta arduradun jaun-andreak, gutun honen bidez jakin ezazue haserrea handia dela Zuberoako xoko honetan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.