ZUZENDARIARI

Goizean esperantza, arratsean etsia

Joxerra Olano Etxabe.
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Zenbaitetan, goizean ere, etsia. Aitor dut kontrako eztarritik joan zitzaidala aurreko igande goiz hartako gosaria. Hasi BERRIA irakurtzen, eta 10. orrialdeko albisteak lagun zuen argazkia ikusi bezain laster, «zorioneko eskua!», egin nuen neure artean. Izan ere, oraindik ere, neure ezjakinean, ez dut ulertu zer dela-eta eragin duen hainbesterainoko bozkarioa Irulegiko aurkikuntzak: euskaldunak orain dela mende gutxi batzuk espazio-ontzi batetik jaitsiak ginela uste ote zuen zenbaitek?, edo garai hartako gainerako gizakiak ez bezalakoak zirela gure aurrekoak, alegia, idazteko halako ezintasun genetiko batek joak zeudela?

Tira, nire harridurak harridura, albistea irakurtzeari ekin nion, eta ahaleginean saiatu nintzen ofizialtasun hitza aurkitzen kazetariak idatzitako testuan. Alferrik, ordea. Horrelakorik ez zen han. Aztertze lan etsigarri horretan ari nintzela, teknologiaren mirariak, manifestua osorik bidali zidan adiskide batek. «Euskaraz bizi nahia», «ez dugu euskara kezkarekin lotu nahi», «erosketak egitera joan eta kezkarik, beldurrik nahiz lotsarik gabe euskaraz mintzatu nahi dugu parekoarekin», «euskara ez baita museoetan gordetzeko harribitxia», «urrats bat aurrera egiteko garaia da», eta horien tankerakoak ere bai, baina ofizialtasuna ez da inon ageri. Zer ote du sorioneku hitz horrek azkenaldian? Ez al dugu ederki ikasi Nafarroa Garaian azken zortzi urte hauetan euskara ofiziala ez izateak zer dakarkigun?

Azkenik, herri mobilizazio historiko hori noiz egitekoak diren ikusi dut: ekainaren 10ean. A zer kasualitatea! Hauteskunde ondoretxoan! Eta orduan hasi naiz —ez naiz ni oso espabilatua izan inoiz— norbanakoek deitutako manifestazio horren xedea ulertzen: PSNrekin gobernu akordioa negoziatzen ariko omen diren EH Bilduri eta Geroa Bairi bidea erraztea, euskararen aldeko neurriak onar diezazkieten, hain zuzen ere; izan ere, beste kontu batzuetan ez bezala, euskara tartean denean, antza, bi indar politiko horiek herritarron bultzada nahitaezkoa dute aurrera egin ahal izateko.

Eta gogoan dugu, zoritxarrez, 2015ean, gobernu-akordioa negoziatzean, zer gertatu zen, euskararen ofizialtasuna non gelditu zen, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika zein izan den azken zortzi urte hauetan, hurrengo agintaldian euskararen alde hartu behar zituzten neurri haiek non diren. Azken batean, badirudi euskararen alde sutsuegi jokatzeak boto galera lekarkiekeela uste dutela indar politiko horiek, Nafarroa Garaian euskara ofiziala izatea Iruñean, Gasteizen edo Madrilen edozein gobernu babesteko ezinbesteko baldintza izatea burugabekeria litzatekeela. Eta zorioneko manifestu horretan «Etsitzea ez da aukera bat» badiote ere, etsiak hartu nau, eta nago martxa honetan asturiera lehenago izango dela ofiziala Asturiasen, PSOEren ekimenez, euskara Nafarroa Garaian baino. Sorionekuak asturiarrak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.