ZUZENDARIARI

Euskal Polizia eta des-eraikuntza nazionala

2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Azken egunotan, hedabideetan Euskal Polizia delakoan sartzeko oposizioetan izena emateko albisteak eta iragarkiak ikusten ari gara. Izendapen berri horrek Ertzaintza eta EAEko udal poliziak hartzen omen ditu barne. Policía Vasca esaten zaio gazteleraz.

Euskal izenondoak euskara hitzean du jatorria, eta ez inolako esparru geografikotan. Euskarari eusten dion lurralde osoko polizia bat egongo balitz soilik erabil genezake izendapen hori. Aspaldi honetan erakunde hauetako kide batzuek —ez gutxik— erakutsi duten euskararekiko mespretxuzko jarrera eta haiekin euskaraz aritzeko oztopoak aintzat hartzen baditugu, kontraesana areagotzen da. EAEko Polizia edo, Euskadi-ren esanahiaren ordezkapenaonartuz gero, Euskadiko Polizia deitu beharko genioke, sekula ez Euskal Polizia.

Eman dezake auzihau nominalismo edo ñabardurazko kontu hutsala dela. Baina ez da hala, inola ere ez. Nazio bat, finean, jende multzo batek bere burua definitzeko partekatzen duen hitzez eta kontzeptuz osatutako kontakizun bat da. Hitz eta kontzeptu horiek nazioa ardatz duten eta nazio horren berezko ikuspegitik sortuak diren heinean, bere buruaren jabe da nazioa. Ikuspegi arrotzetatik sortutako hitzekin eta kontzeptuekin ordezkatzen diren heinean, aldiz, nazioa desagertzen da. Asimilazioa deitzen diogu horri: genozidio bat gauzatzeko bide erosoa, samurra, minik gabekoa, isila, sarraski fisikoa ez bezala. Baina hori bezain eraginkorra.

Adinekoek —norberak jar dezala muga— gogoratuko dutenez, duela hamarkada gutxi bide instituzionalak pausoz pausoko naziogintza sendoa eta errealista ahalbidetuko zuela esaten zitzaigun, herri ekimenen elkarlanarekin batera. Nazio eraikuntza esaten zitzaion horri; gure politikarien ahotik desagertu da hitz hori. Finean, zera zen: mundua eta gizartea geure ikuspuntutik eraikitzea, egunerokotasunaren txikitasunetatik abiatuta, maila nagusiko politika eta ekonomiara iristeraino.

Denbora, aldiz, erakusten ari zaigu eginkizun politikoa gure esku ez dagoen sistema baten barruko ohiko hauteskunde jokora mugatzen ari dela, eta, nazio ikuspegi bat eraiki ordez, ikuspegi autonomiko bat eraikitzen ari dela: gure barne zatiketa onartuz eta indartuz, euskal nortasuna zokoratuz. Jada ez dago Euskal Herririk, euskal gizartea baizik. Euskaldunak, baskoak, EAEko biztanleak dira. Jada ez dago arazo nazionalik, lurralde auzia baizik, gaztelerazko cuestión territorial esamoldearen itzulpen zuzena. Eta abar luze bat. Nazionalismo banala delakoaren esparruan jokatzen da gaur gure etorkizuna.

«Izan ala ez izan, hor dago koxka», esaten zion Hamletek bere buruari, esku artean garezur bati heltzen zion bitartean. Zer nahi dugu euskaldunok? Izan ala ez izan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.