ZUZENDARIARI

Haize errotekin bueltaka eta bi

2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Zenbat haize errota beharko lirateke EAEn energia-beharrak asetzeko? Oinarrizko estimazio bat eginez, Eustaten datuak eta berriki fabrikatutako 3 MW-ko aerosorgailu baten ezaugarriak eta hedabideetan aurkitutako informazioa bakarrik kontuan hartuta, eta gaian aditua izan barik, hauek dira emaitzak:

Euskadin kontsumitzen dugun energia guztia asetzeko ia 9.000 haize errota instalatu beharko lirateke; energia elektrikoaren egungo eskaerari erantzuteko, 2.000 inguru, eta etxebizitza guztien energia eskaerari soilik erantzuteko, 1.000 inguru.

Demagun haize errotak erabiltzen direla etxebizitzako energia guztia elikatzeko. EAEn etxebizitzarako behar den energia guztizkoaren % 11 da. Hau da, mila errota ingururekin agian energia eolikoz hornitu ahal izango ginateke, eta energia-arazoaren ehuneko hamaika konpondu. Baina hori horrela izango litzateke haize egokia dagoenean, denek ez baitute balio. Nolanahi ere, mila errota horiek ez lukete inolaz ere arazoa konponduko. Energia premiaren % 89ri aurre egin beharko genioke oraindik. Industriak eta garraioak pisu handia dute, eta eskutik helduta doaz.

Jarrai dezagun. Errota horiek distantzia izan beharko lukete haien artean interferentziak saihesteko. Instalazio elektrikoek ere bai, baita kontserbazio lanetarako pista batzuek ere. Zenbat leku hartuko lukete?

Etxebizitzetarako energia eolikoaren hornidura osoak 3.000 MW inguruko potentzia beharko luke. Nafarroan 2021ean ezarritakoa halako hiru.

2021ean Nafarroako Foru Erkidegoan instalatutako potentzia 1.089 MWkoa zen. Haize errota guztiak 3 MW-koak balira, 363 sorgailurekin nahikoa lirateke. Baina egun mila inguru daude. Errota guztiek ez dute energia sortzeko ahalmen bera eta zaharrek dezente gutxiago ekoizten dute.

Bestalde, EAEri dagokionez, Nafarroa baino % 30 txikiagoa da, baina EAEko biztanleriak Nafarroakoa hirukoizten du.

Datu horiekin guztiekin, agian irudikatu dezakegu nolakoa litzatekeen EAEren zerumuga. Mendikate guztietan haize errotak nonahi ikusiko lirateke. Baina gogoratu, oraindik energiaren % 89 geratuko litzaiguke kudeatzeko.

Nola, non, zenbat... eta gero zer...galderak etortzen zaizkit burura. Edozelan ere, nik nahiago nuke aditu baten iritzia entzun gai honi buruz, eta ez espekulatzen aritu.

Oso harrigarria iruditzen zait gertatzen ari dena. Badirudi herri bakoitzak erabaki dezakeela nola heldu energia arazoari plangintza orokorrik gabe. Zenbat aerosorgailu jarriko ditugu? Herrian sartzen zaizkigun guztiak? Ba horrela gaude.

Eta bukatzeko. Donostiako Atotxako dorrea ez da 80 metroko altuerara iritsiko, baina hortxe-hortxe ibiliko da. Eta Bilboko Iberdrola dorrea 165 metro luze da. Ba Gipuzkoan jarri nahi dituzten haize errotek, palak barne, 205 metro inguru izango dituzte. Lur azpian, baina, zementuzko oin ikaragarria izango dute. Ezin sinetsi zarata ez dutela egingo. Egiten badira, ziur bat baino gehiago damutuko dela.

Errota hauek energia ekoizteko ahalmen askoz handiagoa daukate. Hala ere, 460 errota inguru beharko lirateke EAEko egungo etxebizitza-energiaren beharrak asetzeko. Merezi al du ingurua hondatzea, betiko, energia urria sortzeko? Batzuetan zaila izaten da oreka bat aurkitzea. Oraindik garaiz gabiltza hanka ez sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.