%27ko gainkostua du AHTa Gasteizen sartzeko proiektuak

139 milioi garestitu da AHTa Arabako hiriburuan sartzeko aurrekontua, Espainiako Kontu Auzitegiaren esanetan

2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
GASTEIZ. AHT abiadura handiko trena Gasteizen eta Espainiako eta Herrialde Katalanetako hainbat hiriburutan sartzeko proiektuetan —sartzea eta geltokiak eraikitzea hartzen ditu aintzat— 7.600 milioi euroko gainkostua dago, Espainiako Kontu Auzitegiak txosten baten bidez azaldu duenez. Gasteizen %27koa da gainkostua, txostenak aztertu duen aldirako.

Tren lasterra Gasteizen sartzeko protokoloa 2010eko martxoaren 5ean hitzartu zuten Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak. 511 milioi euroko aurrekontua iragarri zioten orduan. Geroko proiektuek, baina, 640 milioira igo dute. Gainera, kontu auzitegiak ohartarazi du proiektua gauzatuko ote den «zalantza» dagoela oraindik.

Aldi berean, kontu auzitegiak abisua eman die erakundeei: AHTaren sarrera lur azpikoa izatea oso garestia da, eta aholkua eman dio Sustapen Ministerioari beste aukera batzuk aztertzeko. «Lur azpitik sartzea ez da ezinbestekoa ez zerbitzu on bat eta ez trenbide sarearen funtzionaltasuna bermatzeko».

Urtarrilean sinatu zuten erakundeek Gasteizen lur azpiko lotura garatzeko proiektuaren protokoloa. Horren arabera, 724 milioi euroko proiektua izango da, eta, beraz, kontu auzitegiak txostenean aipatutako gainkostua motz geratuko litzateke jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.